Inaxio 'Isasti'ren bertsoak, Euskaraldiari buruz

Zarauzko Hitza 2018ko urriaren 26a

Bertso sorta berria bidali du Inaxio Isastik Euskaraldiari buruz. Hizkuntzaren aldeko urratsak eman behar direla irizten du, baina zalantza egiten du Euskaraldiaren eraginkortasunaz.

1.

Gaur egunean abian dugu
Euskaraldia kanpaina
hainbat herriek parte harturik
osatuz multzo bikaina
Euskara da oinarri
Egoera da larri
Hizkuntz ofiziala, baina
erabilera ez da indartzen
kezkagarri, alajaina! (bis)

2.

Kanpaina honen egitasmoa
argiro da kaleratu
Horretarako hamaika egun
zehatz dira aukeratu
Egun hoietan zehar
euskara landu behar
hori betetzen tematu
Zarautzen bertan ia 2.000
lagunek dute onartu (bis)


3.

Ahobizi edo Belarriprest
zehatz, bat aukeratzera
eta soinean ezaugarria
edonoiz eramatera
euskaraz lehen hitza
horixe da baldintza
Ahobizi bada bera
ta belarria ageri bada
prestu dago entzutera (bis)


4.

Une honetan garrantzitsua
ahobizien papera
Belarripresten egoerakin
ezin daiteke aldera
euskarak behar ditu
biak, baina aditu
horrela da esaera
dakienak ez lantzea dela
hizkuntza baten galera (bis)


5.

Epe murritza izanagatik
ta eginaz lan gogorra
une batean lortu daiteke
emaitza eraginkorra
hasieran bai, bero
baina agian gero
motelduko da motorra
hori kontuan izan dezagun
ez dut izan nahi ezkorra


6.

Honen harira adibide bat
jarriko dut berehala
orain lau-bost bat urte egin zen
beste kanpaina bolada
orduan ere, hara
eria zen euskara
erabilera makala
taberna eta jatetxeetan
merkataritzan bezala (bis)


7.

Urola Kosta bailaran dago
Udal Elkarte finkoa
honen eskutik abiatu zen
plana herriz herrikoa
Euskara menuetan
ta iragarkietan
prest laguntza teknikoa
orduko lorpena bihurtu da
gaur hutsala, betikoa (bis)


8.

Euskaraldia ekitaldiak
muga duenez jarria
nire iritziz ondorioa
bihur daiteke urria
beraz horregatikan
ez egin etenikan
horra nire aldarria
urtean zehar ageri beti
aho eta belarria (bis)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide