Euskal Herriko euskararen arnasgune diren 87 udalerrik osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Plazaratu berri dute udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publikoetako azken bi urteetako hizkuntza eskakizunen inguruko txostena, eta lehen aldiz, familia medikuak eta pediatrak ez ezik, erizainak, harrerako langileak eta larrialdietakoak ere hartu dira kontuan. Guztira, 616 langiletik 133 langilek (%21,6) ez du hizkuntza eskakizunik. 133 langile horien artean, larrialdietako medikuak dira gehienak. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako larrialdi medikuen erdiari baino gehiagori ez zaio euskara jakitea eskatzen.
UEMAk azaldu du orain arteko datuekin alderatuta, aurrerapausoak izan direla zenbait udalerritan, eta haien artean dago Zarautz. 44 langiletik 6k ez dauka hizkuntza eskakizunik Zarautzen. Beste herri batzuetan, ordea, arazoa "benetan larria" dela azaldu dute. Eskubide urraketa betiko iraunkortu ez dadin, proposamen zehatza ere egin du UEMAk: "Unibertsitatean eragitea, eta oztopoak baino gehiago, fakultatetik eta osasun erakundeetatik ikasleei baliabideak eskaintzea euskaraz ikasteko eta euskaraz lan egiteko". Bestetik, administrazio publikoak legez zerbitzuak euskaraz eskaini behar dituela gogorarazi du Josu Labaka UEMAko lehendakariak: "ez da borondate kontua, betebeharra baizik". Datorren ikasturtetik aurrera euskaldunentzat 140 plaza gordeko ditu EHUk, baina Labakak "ez dela nahikoa" adierazi du, hori ez baita medikuntza eta erizaintzako plazen erdia ere.
Egoera "sorgin gurpil" batekin ere alderatu du UEMAko lehendakariak. "Osasun zerbitzuetan lana egiteko euskara eskatzen ez den bitartean, euskal ikasle askok gazteleraz egiten dituzte oraindik ikasketak, erraztasun gehiago ematen zaizkielako".