Upategiek amaitu dute mahats bilketa eta iaz baino %10 gutxiago jaso dute

Zarauzko hitza 2018ko urriaren 21a

Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko upategietan 350 lagun aritu dira mahatsa biltzen. Artxiboko argazkia.

Irailaren 17tik urriaren 15era bitartean egin zen mahats bilketa, eta Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko upategiek 350 lagun kontratatu zituzten mahatsa biltzeko.

Getariako Txakolina Jatorri Izendapenetik jakinarazi dute, joan den astean amaitu zela aurtengo mahats bilketa. Oraindik zenbaketa ofiziala egin ez badute ere, 3.400 milioi kilo mahats biltzea espero dute, eta azpimarratu dute iazko datuekin alderatuz, %10-15 txikitu dela produkzioa. Izan ere, ekaina bukaera arte euria egin izanak landareen loraldia oztopatu zuela adiera dute jatorri izendapeneko arduradunek. Gainera, uztailean Mildiu onddoak mahasti asko hartu ere zituela ere gehitu dute. "Uztaileko egunak argiak eta hezetasun handikoak izan dira, eta ondorioz Mildiu-ak behin eta berriz eragin die mahastiei". Dena dela, upategi gehienek onddoak sortutako gaitz desberdinei aurre egitea lortu dutela azpimarratu dute.

Mahats bilketa irailaren 17an hasi zen eta joan den astean eman da amaitutzat. Upategi batzuk mahastiak mahatsa makinarekin biltzeko prestatuta badituzte ere, gehienetan mahatsa eskuz biltzen da, eta horretarako 350 lagun kontratatu dituzte upategiek 2018ko kanpainan.

Bestalde, jatorri izendapenetik jakinarazi dute, upategi bakoitzak mahats bilketa mahatsaren heldutasun mailaren eta egin nahi den txakolin motaren arabera egiten duela. Dena dela, irailean eta urrian egun argiak izan direnez, eta euririk egin ez duenez, mahatsa pixkanaka bildu dute aurten. "Aurreko urtekoarekin alderatuz bildutako mahatsaren graduazioa 11,5º-koa izan da, bataz beste".  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide