Hamargarren urtez ospatuko dute Mobibike eguna Zarautzen, urriaren 28an izango da. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak azaldu duenez, elkartasunez betetako eguna izan ohi da. Urtero bezala, herriko hainbat elkarte eta norbanakok beren hondar aletxoa ekarri dute festara, baita Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ere. Hain zuzen ere, ikuskizuna eskainiko dute aipatutako pailazoek Aritzbatalde kiroldegian, 17:00etan. Sarrerak salgai daude Azken Portuko Lau okindegian (Araba kalea, 3) eta San Pelaioko Biyona Autozerbitzuan. Guztientzako esker hitzak izan ditu alkateak, festa egunaren aurkezpenean.
Bittor Andonegi Aspanogi elkarteko lehendakariak ere eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei, eta gogorarazi du aurtengoan, Zarauzkoaz gain, Donostian ere hitzordu garrantzitsua izango dutela igande honetan. Aurtengo Mobibike eguneko egitarauak berrikuntza handirik ez dakarren arren, urteroko ilusioarekin heldu diote antolakuntzari. Aspanogiko kideez, Zarauzko udalaz eta finantziazio kontuan lagundu duten hainbat enpresaz gain, herriko eragile ugari ariko dira parte hartzen egunean bertan, eta «lagunez inguratuta» egoteak indarra ematen diela azaldu du Andonegik. «Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso eta senideen elkartea da, eta gure helburua da haurrei eta beren familiei diagnostikoaren momentutik ahal den laguntza eta maitasun handiena eskaintzea. Sorbalda gainetik beso bat bota, eta gure babesa eta laguntza eskaintzea».
Hamargarren urteurrenaren harira, Markel Irizar, Haimar Zubeldia eta Joseba Zubeldia izan ditu gogoan Porrotxek. «Aspanogirekin zerbait egin behar zutela pentsatu zuten, eta gaur hemen dauden ameslariekin batera egun hau ospatzen hasi ziren». Garbi utzi du Porrotxek Aspanogirekin lanean hastea mugarri bat izan dela beren jardunean. «Guretzat umorea da ongi pasatzea, kantatzea, dantzatzea, txisteak kontatzea, alaitasuna zabaltzea... Baina hori baino gehiago ere bada umorea eta hori Aspanogirekin ikasi dugu. Bizitzan hartzen den jarrera bat da, baikorra, eraikitzailea, errespetuzkoa eta auzolanean beste mundu hobe bat lortze aldera egiten duguna». Aspanogik pailazo bezala eta pertsona bezala asko eman diela ere esan du.
Arritxu Iribar kirol kazetariak, Osakidetzako sendagileek, Amenabar taldeko jokalariek, Zarauzko Kirol Egokituko federaziokoek, Errugbi Taldekoek, suhiltzaileek, Jalgiko dantzariek, txirrindulariek eta beste hainbat elkartek egin dute bat Mobibike egunarekin. Guztiek babesa eta indarra helarazi nahi izan dizkiete Aspanogiko kideei, eta bertan izango dira urriaren 28ko ospakizun egunean.
Egitaraua
09:00. BTT trabesia
09:30. Triatloi txikia eta errelebozko triatloia
11:30-15:00. Umeentzako zirkuituak eta erakusketak
Eguerdian Errugbikoek taberna jarriko dute eta paella jana egongo da.
17:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saio berezia Aritzbatalde kiroldegian, hainbat sorpresa eta gonbidaturekin.