Hasi dira Zingira basoko lanak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 10a, 12:01

Mari Azpiroz eta Gloria Vazquez, Zingira basoko lanetan. (Amaia Urbieta Arruti)

Zingira basoko artelatz eremua biziberritzeko lanetan hasi dira. Zortzi astez egongo dira bertako bideak moztuta.

Duela bi urte erosi zuen Zingira basoa Zarauzko udalak. Natura 2000 sarearen barruan dago, hain zuzen ere, Arkamurka basoa bertan dagoelako. Orain, basoa berreskuratzeko lanetan hasi dira, eta ondorioz, bide guztiak itxita daude.

Mari Azpiroz Aranzadi elkarteko kideak eman ditu basoaren berezitasunen inguruko azalpenak. Basoak, guztira, bost hektarea dauzka, eta horietatik lau pinuz osatuta daude. Bigarren mailako habitata artelatz basoa da, eta horrez gain, geratzen den hektarea osatzen dute baso naturalak, sastrakadiak eta iratzediak. Azpirozek azaldu du hainbat legedik baso hau babestera eraman dituztela: "Artelatza babestutako espeziea da, bereaz, interes berezikoa da".

Artelatza oso espezie berezia  da, ez da ohikoa bere zabalkuntza. "Garai bateko klimara moldatutako landarea da. Klima epelagoak zirenean banaketa zabalagoa zuten, baina giroa hozten joan zenean desagertzen joan ziren". Euskal Autonomia Erkidegoan hogei hektarea osatzen dituzte artelatz eremuek, eta horietatik hamabost Garate-Santa Barbara inguruan daude.

Biodibertsitate fluoristiko aldetik baso oso aberatsa dela azaldu du Aranzadiko kideak. "Gorostiak, erratzak, basoko sagarrondoak, urritzak... topa ditzakegu bertan". Artelatz basoaren berreskurapena da proiektu honen helburua, eta horretarako, kaltea sortzen dieten pinuak kenduko dituzte. Ez dela ohiko baso lan bat azaldu du Azpirozek, eta "kontu handiz" egin beharrekoa dela. Kasu batzuetan pinuak kendu beharko dituzte, beste batzuetan eraztundu eta beste batzuk bere horretan utzi. Horretarako, babestu beharreko artelatzak markatu egin dituzte.

Horrez gain, garai bateko Zingira putzua izango litzatekeenean putzu bat egiteko lanak hasiko dituzte. "Hezegune txikiak bioaniztasun biltegi handi bihurtzen dira".

Azkenik, herritarrei pazientzia eta errespetua eskatu dizkiete bai Ingurumen zinegotziak, baita Aranzadiko kideak ere. Lanek zortzi hilabete iraungo dute eta bitarte horretan bideak itxita egongo dira. Basoaren berreskurapena urte batzuk barru egongo da ikusgai, baina basoa "askoz aberatsagoa" izango da orduan.

Erlazionatuak

Irudietan: Zingira basoko lanak

Zarauzko Hitza 2018 urr 10 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide