Itsasotik Herrira egitasmoa ospatuko dute urriaren 13an

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 3a, 17:48

Itsasotik Herrira egitasmoa aurkeztu dute udal elkartean (Maria Maya Manterola)

Urola Kostako Udal Elkartean Itsasotik Herrira egitasmoa aurkeztu du. Urriaren 12an eta 13an 30 ekintza baino gehiago egongo dira eskualdeko bost herritan. Itsasaldeko sormena, kultura eta gastronomia ditu oinarri ekimenak.

Datorren urriaren 12an eta 13an, Itsasotik herrira ekimena ospatuko da Urola Kostako bost herritan: Aia, Orio, Getaria, Zarautz, eta Zumaian. Bi egun horietan, guztira, 30 ekimen baino gehiago egongo dira eta bailarako sormen, kultura eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da.

Urola Kostako Udal Elkarteak estrategikoki sustatutako ekimena da, baina bailarako hainbat profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoekin elkarlanean osatu du. Hain zuzen, sortze-esparru ezberdinetatik datozen kideekin egin da programa: hasi gastronomiatik, artisau, antzerki-ikuskizun, eskultura, margolari, bertso edota musikaz osatu da kultura-ondarean jirako  egitaraua. Ekitaldi guztiek eskualdearen kutsua izango dute. Horietako batzuk, itsasalde honetan, kostan, urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera,  gerora begira bide bat zabaltzeko asmoz eratu dira.

Denera, 13 diziplinetako 60 eragilek parte hartu dute egitasmoan, eta 30 ekimen inguru eskainiko dira bi egunetan. Artisautza, erakusketak, antzerki ikuskizunak, eskultura, margolanez edo musikaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste. Aurkezpenean azpimarratu dute horietako jarduera asko eta asko Itsasotik Herrira proiekturako sortuak izan direla espresuki. “Ekimen batzuk gure historia hartuko dute gaitzat, eta beste batzuk etorkizunari egingo diote keinu”, azaldu dute antolatzaileek. Gainera, nabarmendu dute, egitarau anitza dela, adin tarte desberdinetako publikoari zuzendua.

Bestalde, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek aurkezpenean adierazi du, Urola Kostako herriek “itsasoari begira garatu dutela beren bizimodua. Ondorioz, gure sormen ehunak ere itsasoaren eragin zuzena du, eta nola ez gure gastronomiak, gure eskualdearen harribitxi garrantzitsuak”. Ildo horretan, aipatu dute eskualdeko gastronomia bertatik bertara ezagutzeko, Kosta Gastronomika jardueretan parte hartu nahi duten herritarrek, aldez aurretik eman beharko dutela izena. Horretarako bi bide zehaztu dituzte. Batetik, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoetan eman daiteke izena;eta bestetik, UKUEren webgunean zintzilikatuta dagoen imprimakia bete daiteke. Oro har, Itsasotik Herrira ekimenaren inguruko informazioa www.itsasotikherrira.eus webgunean dago eskuragarri.

 

Egitaraua

10:30. Itsasoari 8 begirada bizipen ibilaldia. Ibilbidean zehar, Aran Santamaria, Ander Ormazuri, Paulo Albizua, Lore Agirre, Amaia Zinkunegi, Barbara Stammel, Xabier Insaustiren eta Manu Urbietarren artelanak izango dira ikusgai.
12:00. Kantujira Lege Zaharren Enperantzatik hasita.
17:00. Artisau tailerrak Lege Zaharren Enparantzan. Xaboi eta esmalte tailerra haurrentzat.
19:00. Food&Creation. Gastronomia eta sormena lotuko dituen ekimena.
20:00. Lagun artean jarduera. Poteoa koadrilan, Zarauzko historia, anekdotak, eta dastaketa edari eta pintxoekin. Kosta Gastronomikaren barruan.
22:00. The Garce of Dionysus taldearen kontzertua Lege Zaharren Enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide