Francisco Elosegiren lanak ikusgai Photomuseumen

Zarauzko Hitza 2018ko urriaren 2a

Gaur zabalduko dute Elosegiren 'Erretratuak eta Gipuzkoako paisaiak 1936-1957' argazki erakusketa. Elisa Kerejetak lanari buruzko hitzaldia emango du urriaren 5ean.

Gaur inauguratuko dute Francisco Elosegi Limousinen 'Erretratuak eta Gipuzkoako paisaiak 1936-1957' argazki erakusketa, Zarauzko Photomuseumen. Erakusketaren komisarioak, Elisa Kerejetak, lanari buruzko hitzaldia emango du urriaren 5ean, 18:00etan. Photomuseumetik azaldu dutenez, Elosegi botikaria zen lanbidez, eta "bere aisialdiko denboraren zati handia bere ingurune hurbilari irudiak ateratzeari eskaini zion".

Erakusketa honen bidez, argazkilariaren bi alderdi nabarmendu nahi dituzte. Alde batetik, "bere irudien alderdi artistikoa: erretratuez, paisaiez eta natura-hilez osatua dago. Horietan konposizioa eta argia nabarmentzen dira". Bestetik, "jaio ziren testuingurua mantenduz bere funts fotografikoaren alde dokumental baliotsua gaur egunera ekarri nahi izan dugu: 1930-1954 urte bitartean bere ibilaldietan atera zituen Gipuzkoako herri eta paisaiak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide