Arraunean sari parekideak izateko mozioa, onartuta

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urriaren 2a

San Juango traineruak irabazi du aurtengo Zarauzko Bandera. (Aritz Mutiozabal)

Pasa den ostegunean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuten arrauneko Zarauzko Banderako proban, emakumezkoen eta gizonezkoen sariak berdinak izateko mozioa. Irabazi Zarautz koalizioak mahaigaineratu zuen alderdi guztiek aho batez onartutako mozioa, azalduz, abuztu honetan gizonezkoetan irabazi duen taldearen saria 6.570 eurorekin saritu dutela, eta emakumezkoena, berriz, 2.640 eurorekin. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak argi utzi nahi izan zuen aurrerapauso hori ematea garrantzitsua litzatekeela, eta «aurretik hasiak zeudela gaiaren lanketarekin».  


Konpromiso eske

EH Bilduk, mozioa onartzean TKErekin negoziatzeko «konpromiso bat» hartzen ari direla azaldu zuen. Negoziaketa horretan oztopoak topatuz gero, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bermatzeko bestelako neurriak hartu zitezkeela azaldu zuen Mikel Goenagak, agian, «drastikoagoak» liratekeenak. Parekidetasuna bermatu ahal izateko, TKE elkarteak eskainitako sariak Udalak berak osatzea proposatu zuen, eta hori bideragarria ez balitz, beharbada estropada propio bat egin daitekeela, Udalak antolatua, beraiek finkatutako arauekin.

Horrez gain, Jesus Aranak, EAJ alderdiaren bozeramaileak, gogorarazi zuen TKE arraun elkarteari «esker» hartzen dutela parte emakumezkoen traineru desberdinek estropadetan, eta aurrerapauso hau beharrezkotzat jotzen badu ere, TKErekin «inongo mehatxurik gabe» negoziatu beharreko gaia dela azpimarratu zuen. Gloria Vazquezek aipatutakoaren harira, azaldu zuen aurtengo Zarauzko Banderako estropada bukatu bezain laster hasi zirela gai honi zegozkion bilerak egiten, eta gogoratu zuen Zarauzko udala «aintzindaria» dela kirol probetan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko sariak parekatzen, Zarautz Pro Surf lehiaketa adibidetzat jarriz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide