"Indarkeria matxistaren biktima diren seme-alabak" hizpide azaroaren 8an

Zarauzko Hitza 2018ko irailaren 28a

Indarkeria matxistaren inguruko jardunaldiak, 2016an. (Zarauzko Hitza)

Indarkeria matxistaren inguruko jardunaldietan, seme-alaben gaiari helduko diote aurten, azaroaren 8an. Egun osoko egitaraua antolatu dute Parekidetasun departamentutik.

Aurten ere, indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Zarauzko Parekidetasun departamentutik, hirugarrenez. Oraingoan, "indarkeria matxistaren biktima diren seme-alabak" izango dituzte hizpide, azaroaren 8an. Hona hemen departamentutik helarazi duten irakurketa:

"Indarkeriak sakon-sakoneko eragina dauka hori jasaten duten emakumeen seme-alabengan.

Indarkeria matxista dagoen etxe batean izugarri handitzen dira nahasmenak dituzten adingabeen portzentajeak eta nahasmenon larritasuna: trauma osteko estresa, antsietatea, depresioa, portaera eta gizarte egokitzapeneko arazoak, somatizazioak, herabetasuna…

Adierazitako ondorio eta kalte horiez gain, erasotzaileak askotan adingabeak tresna modura erabiltzen ditu indarkeria egiteko eta amei min emateko. Seme-alaben bidez amak manipulatu eta beldurtu egiten dituzte, panikoa eta mina eragiten dizkiete, eta seme-alabak babesteko izugarrizko ezintasun sentsazioa sortzen diete.

Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketak bisitak etetera behartzen ditu organo judizialak edo, bisitekin jarraitzen badute, adingabeen osotasuna bermatzeko araudi bat aplikatzera. Indarkeriaren aurkako Estatu Itun berriak ere gai hau landu eta hobekuntza batzuk sartzen ditu.

Gai hori eztabaidatu eta aztertuko dugu jardunaldi hauetan".

Goiz osoko saioa

Beraz, azaroaren 8rako, goiz osoko egitaraua antolatu dute. Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta Bidea, 6) izango da jardunaldia.

  • 09:15. Aurkezpena

  • 9:30-11:30. 'Indarkeria matxista jasan duten emakumeen seme-alabengan indarkeriaren ondorioak' (emozionalak, psikologikoak….), Jorge Barudyren eskutik (neuropsikiatra, eta haur- eta familia-psikiatra)

  • 11:30 -12:00. Atsedena-kafea

  • 12:00 – 13:00. 'Indarkeria matxistaren seme-alabak: esku-hartzea' (estrategiak, programak…), Olatz Soldevilla Santamariaren eskutik (Berriztu elkartea)

  • 13:30-14:00. 'Indarkeria matxistaren haurren eskubideei buruzko legeria' (Estatuko indarkeriaren aurkako ituna, aurrerapenak eta erronkak), Jose I. Alonso, Save The Children elkarteko haurren eskubideei buruzko adituaren eskutik

  • 14:00. Itxiera

Jardunaldi honetan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, e-mail bidez (berdintasuna@zarautz.eus) edo telefonoz (943 005 117). Plaza kopurua mugatua izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide