60+ astearen barruan hainbat ekitaldi antolatu dute, eta horietako bat da Patxi Santamariaren (Zarautz, 1959) Ni jubil... zu zergatik ez? bakarrizketa saioa. Astelehean aurkeztuko du, Antxon Sarasuaren laguntzarekin, Antoniano aretoan.
Bakarrizketaren prestaketan buru-belarri ariko zara. Zer erakutsiko duzue bertan?
Nik ez ditut 60 urte, baina ez nago oso urruti, eta askotan hitz egiten dut lankideekin eta lagunekin horretaz. Bereziki, artista izanik, legalki horren kasu berezia denez, duela urte bat arte ez nuen pentsatu ere egiten jubilazioan. Orain, horri bueltak emanez egindako hausnarketekin idatzi dut lan hau.
Nire adin inguruko pertsona baten egoera kontatzen du istorioak. Antzoki bateko tramoia da pertsonaia, eszenografia muntatzen eta desmuntatzen duena. Horri buruz hitz egiten da obran: jubilazioaz, lan munduaz... Beti umore aldetik, baina egurra emanez. Iruditzen zait antzerkiak salaketak azaleratzeko balio beharko lukeela. Antxon Sarasua lagun eta musikariak ere parte hartzen du ikuskizunean. Bera da alter ego-a.
Asmoa jendeak ondo pasatzea da, baina baita gaiaren inguruan hausnarketa txiki bat egitea ere. Gainera, orain ez dute motibo askorik beharko, jubilatuen mugimendua piztuta baitago.
Publiko mota bakoitzaren aurrean jarrera ezberdina hartzen al duzu?
Ez. Asteleheneko antzerkira jubilatuak etorriko dira ziurrenik, adin eta esperientzia gehiagokoak. Umeentzat antzerkia egiten dudanean ez dut desberdinak direla pentsatzen. Badakizu adin, ezagutza eta bizi esperientzia ezberdinak daudela, baina ez dut pentsatzen zein den aurrean dagoen publikoa, zer den kontatu nahi dudana baizik. Kasu honetan, zerikusia izango du antzerkiaren gaiak publikoarekin, izan ere, jubilatu asko etortzen badira, zuzenean eragingo die gaiak. Dena den, azkenean, denoi eragiten digu, behetik datozenen etorkizuna ere orain ari baita idazten. Gazteei ere halako mezutxo batzuk bidaltzen dizkiegu, ipurdia apur bat mugi dezaten.
Obra horrez gain, Donostiako La Farandula gunean ere beste proiektu bat daukazu esku artean.
Bai, bi proiektuak batera egokitu zaizkit, eta hori nekagarri samarra da niretzat. Gaur, bihar eta etzi La Farandulan izango gara, Egian, mikroantzerkia bultzatzen duen espazio batean. Vichyssoise izena du gure antzezlanak, eta sarrerak Internetetik saltzen dira. Telmo Irureta aktore eta idazleak eta Elena Iruretak makinatu zuten ideia, eta Telmo Iruretak, Goizeder Iturainek eta nik antzezten dugu. Komedia beltza da Vichyssoise. Gaur egun modan dagoen gai gogor baten ingurukoa da, eta guk umore beltzarekin jorratzen dugu. Barre egitekoa da, baina gaiak bere sakontasuna dauka. Aurrez esan bezala, asteburu honetan bertan izango gara La Farandulan.
Publizitatea egiteko aprobetxatzen dut, izan ere, gure lanean, batzuetan lan asko daukazu eta hurrengoan batere ez.
Askotan, antzezteaz gain, produkzio lanez ere arduratu beharko duzu, nahi duzun hori aurrera atera dadin autogestionatuz... Nola daramazu hori?
Bai. Aktoreak normalean kontratatuak izaten gara, baina jendeak pentsatzen du denok autonomoak garela. Antzerki talde ezagun batean egon zaitezke, baina autonomo gisa bazabiltza zuk kudeatu behar duzu guztia. Ni jubil... zu zergatik ez? bakarrizketa, esaterako, guk geuk egin dugu. Produkzio lanak egitea interesgarria da batzuetan. Niretzat lan zatarra da, baina egin beharrekoa. Kontratatuta kanpotik lan asko etortzen bazaizu, aktore lanean zentratu zaitezke, baina bestea ere hor dago eta badu bere alde ona.
Iruditzen zaizu jendeak lan hori guztia baloratzen duela?
Beharbada, ez hainbeste. Nik uste dut ezjakintasuna dela arrazoi nagusienetako bat. Ikuskizun bat produzitzeak izugarrizko lana ematen du: bilerak, materialak, entseguak, xehetasunak... Askotan jendeak emaitza soilik ikusten du, eta gustatzen zaie edo ez. Atzean lan mardula dago, eta askotan ez horren ondo ordaindua. Sarri komentatzen dugu, orduka ordainduko baligute beste era batera biziko ginatekeela.
Bestetik, guk geuk gauzak egiteko gogoa badaukagu, baina horretarako ez daude baldintza egokienak. Antzokietan entseatzeko behar adina denbora utziko balute, esaterako, edo bestelako lehentasunak egongo balira... beharbada autogestioa bideragarriagoa izango litzateke, nahiz eta ordu asko sartu behar izan eta trukean asko ez irabazi. Agian, hor akats bat dago, nire ustez baliabide publikoak ez dira ondo kudeatzen. Denak ez du balore ekonomiko bat izan beharrik,kultura beste zerbait ere bada.