Euskaraldiko Zarauzko hamaikakoko kide zara. Ahobizi ala belarriprest?
Ahobizi naiz. Beti prest nago euskaraz hitz egiteko eta gure hizkuntza erabiltzeko. Euskara erabili beharra daukagu. Kanpotarrok, batez ere, lotsa moduko bat izan ohi dugu askotan, baina ni horretarako nago hemen, Ahobizi naizela esateko.
Euskal Herrira etortzean hasi zinen euskara ikasten?
Bai. Duela 18 urte etorri nintzen, eta orduan zerbitzari lanetan aritzen nintzen. Lanean hasieratik hasi nintzen ingurukoei galdetzen: Zer esan nahi du honek? Eta beste hau nola esaten da? Interesa erakutsi nuen. Jendea oso irekia izan zen hasieratik, beti egon dira niri laguntzeko prest, eta horrela asko hobetu ahal izan dut nire euskara. Nabaritzen da bertakoek asko eskertzen duzuela kanpotarrok hemengo hizkuntza ikasten dugunean. Guk horixe egin behar dugu, baina hemengo jendeak ere bai. Askok ezagutzen dute eta ez dute erabiltzen.
Zer da zuretzat euskaraldiko aukeratu bat izatea?
Euskara zabaltzea nahi dut nik, herri guztiak euskaraz hitz egin dezan. Oso hizkuntza polita eta zaharra da, zuen sustraiak dira. Nire seme-alabak ere euskaraz hazi eta heziko dira, beraien sustraiak izango dira, eta nik hori ongi ikas dezaten nahi dut.
Ze esango zenioke hemengoa den eta euskararik ez darabilenari?
Lotsak kentzeko, saiatzen jarraitzeko eta herriko jendearekin erabiltzeko. Gauza txikietatik hastea da onena. Adibidez, Yoga ikastaro bat euskaraz egiten baduzu, euskaraz hitz gutxi batzuk ikas ditzakezu. Talde txikitan jarri eta apurka-apurka ikasten duzu. Burua, besoa... horrelako gauzak. Jendea animatzen dut euskara erabiltzera, lotsarik gabe. Ni askotan trabatzen naiz eta batzuetan gauzak gaizki esaten ditut, baina berdin da. Etengabe saiatzen jarraitzen dut.