Euskaraldia

Euskaraldian eman daiteke izena gaurtik, eta Zarautzen igandean egingo dute ekitaldia

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 20a, 10:44

Iritsi da eguna. Gaurtik aurrera, euskararekin bat egiten duen orok du izena emateko aukera Euskaraldian. Internetez egin daiteke, edo herrian bertan, horretarako zehaztu dituzten guneetan.

Asmoa da azaroan 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, konpromiso pertsonalak hartzea bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko. Ahobizi rola hartzen duenak euskaraz hitz egingo dio euskaraz dakien nahiz ulertzen duen orori; Belarriprest rola hartzen duenak, berriz, berari euskaraz egiteko eskatuko die denei.

Horretarako, izena eman behar da internet bidez edo herriz herri jarriko dituzten baliabideen bitartez (mahaiak eta kutxak jarriko dira). Soinean eramateko pin-a jasoko du Ahobiziak eta Belarriprestek, 11 egun horietan erabiltzeko eta ikusgarri egiteko konpromisoa.


Irekiera ekitaldia, igandean

Ekimenaren ekitaldi nazionala gaur 18:00etan izango da Iruñan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera. Urola Kostari dagokionez, berriz, Zarautzen egingo dute aurreneko ekitaldia, igande honetan. 12:00etan Musika plazan hasiko da izen-ematearen irekiera ekitaldia, eta aurkezpen txiki baten ondoren, Txan magoak ikuskizun bat eskainiko du. Ondoren ekitaldiak jarraituko du, eta besteak beste, Euskaraldiaren abestia jarriko dute aurreneko aldiz.

Markagailua, hastear
Musika plazako ekitaldira gerturatzen direnek aukera izango dute izena emateko bertan, eta astelehenetik aurrera, izen-emateen kopuruak markagailu erraldoi baten bidez jarraitu ahalko dituzte zarauztarrek. Etxezabalako erakusleihoan jarriko dute markagailua, eta astero eguneratuko dute.
Gainera, hainbat gunetan kaxak jarriko dituzte, izena emateko. Antolatzaileek laster emango dute informazio zehatzagoa.

Izena emateko guneak

Izena eskuorri bidez eman nahi duten herritarrentzat, hainbat gune egongo dira herrian gaurtik aurrera. Hau da zerrenda:

-Kiroldegia

-Liburutegia

-Turismo Bulegoa

-Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua

-AEK

-Udal euskaltegia

-Anbulatorioa

-Udaberri Adinekoen Egoitza

-Orokieta Herri Eskola

-Salbatore Mitxelena Ikastola

-Oteitza Lizeo Politeknikoa

-La Salle Ikastetxea

-Antoniano Ikastetxea

-Haurreskola

-Erlo eta Urola Kostako Hitzaren bulegoa

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide