Francisco Dominguezek irabazi du aurtengo Francisco Escudero Konposizio Sariketa

Zarauzko Hitza 2018ko irailaren 16a

XXXII. Akordeoi Kultur Astearen barruan, atzo izan zen Francisco Escudero Nazioarteko XI. Konposizio Sariketako sari banaketa. Manuel Hidalgok eskuratu zuen bigarren saria, bi akordeoientzat pentsatutako lan bati esker.

Mayi Tolosak aurkeztu zuen sari banaketa ekitaldia, eta Francisco Mari Escudero eta Nekane Iribar zinegotzia ere bertan izan ziren, sariak banaketan. Hiru obra zuzenean entzun ahal izan zituzten bertaratutakoek: Philipp Christoph Mayerren En passant des passants, Ane Urbizuren (akordeoia) eta Xabier Oruesagastiren (saxoa) eskutik, Sanae Ishidaren For the birds, Maria Zubimendiren (akordeoia) eta Iñigo Armentiaren (biolina) eskutik, eta Francisco Ubertoren Una noche en el jardín de neón, Maria Zubimendiren (akordeoia), Iñigo Armentiaren (biolina) eta Paula Azkonaren (biolontxeloa) eskutik.

Ondoren, sari banaketa izan zen. Lehendabizi, bigarren sariari zegokion epaimahaiaren akta irakurri zuen Francisco Mari Escuderok, eta Manuel Hidalgok irabazi duela jakinarazi zuen. Lehen sariari zegokion akta Nekane Iribarrek irakurri zuen, saria Francisco Dominguezek eskuratu duela ebatziz. Honela, Dominguez eta Hidalgo dira aurtengo Francisco Escudero Sariketako irabazleak.

Argazkiak: Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide