AECCren terapia jaso duten hiru pazientetik bik erretzeari utzi diote

Zarauzko Hitza 2018ko irailaren 5a

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak gogorarazi du doan eskaintzen diela erretzaileei zerbitzu hori

Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak eskaintzen dituen erretzeari uzteko terapiak egiten dituzten pazienteen %62k prozesua arrakastaz amaitu du. Tabakismoan adituak diren psikologoek gidatzen dituzte saioak, erabat doakoak dira eta ez da erakundearen bazkide izan beharrik. Terapiak banakakoak edo taldekoak izan daitezke eta AECCk Gipuzkoan dituen 6 egoitzetako edozeinetan egiten dira, baita lurraldeko enpresetan ere, hala eskatuz gero. 2017an, guztira 126 lagunek erabili zuten zerbitzua.

Erretzaile bakoitzak lehenengo aurretiazko elkarrizketa bat egiten du, eta bertan baloratzen dute erretzeari uzteko modu onena eta asteko saio kopurua. Maider Sierra AECCko psikologo eta prebentzioko arduradunaren hitzetan, "arrakasta, azken batean, pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko garaian arrakasta izateko aukerak".

Gainera, AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak mugikorretarako aplikazioaren bertsio eguneratua atera du, 'RespirApp' izenekoa, oraindik erretzen duten herritarrei tabakoa uzten laguntzeko. AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera EAEn bizi diren herritarren %78a ez erretzailea edo erretzaile ohia den arren, oraindik ere %22k erretzen jarraitzen du. Datu horien arabera, agerikoa da azken 5 urteotan erretzaileen beheranzko joera, 2009. urtean erretzaileen datua %34 ingurukoa baitzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide