XXXIV. Basarri bertsopaper lehiaketako sari banaketa izan zen atzo, 19:00etan, Kale Nagusiko Basarri eskulturaren parean. Bertan izan ziren aurtengo bi irabazleak; Ibai Esoain eta Xabier Euzkitze. Nikolas Zendoiak Lazkao Txikiren 15 bertso abestu zituen lehendabizi, eta ondoren, Esoainek eta Euzkitzek beren bertso-sortak kantatu zituzten jendaurrean.
Lehenengo saria Esoain oriotarrak eskuratu du, 'Siga saga' izeneko bertso-sortarekin. Zazpina puntuko zortzi bertso dira, Xabier Amurizaren ‘Neska zaharrak eta apaizak’ doinuan, eta arrantza munduari buruzkoak dira. Bigarren saria Euzkitzek irabazi du, 'Behar haut, putakumea' sortari esker.