Oier Aranzabalen 'Margolaria' dokumentala, Irizar Sarirako hautagai

Zarauzko Hitza 2018ko abuztuaren 31

Donostiako Zinemaldiaren barruan banatzen da Euskal Zinemaren Irizar Saria, eta zarauztarrak zuzendu du Margolaria lana, Iker Treviñorekin batera.

Mikel Urdangarin abeslaria du protagonista Margolaria dokumentalak. Iker Treviñok eta Oier Aranzabal zarauztarrak zuzendu dute, eta aurtengo Zinemaldian hartuko du parte. Hain zuzen, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaia da. 

Dokumentala honela laburbildu dute egileek: "Bidaia baten istorioa da hau. Mikel Urdangarin musikariak, goiz batez, Alain Urrutia margolariarekin skype bidez hitz egiten duenean hasten da. Azken honek margolan bat eskainiko dio Mikeli opari gisa, baina baldintza batez: haren bila etorri behar du Londresera.

Bidaia hori aitzakia hartuta, antzinako greziar mitoak eta kontzertu jendetsuak uztartuz, bere lanetik bizitzeko apustua egin duen artista baten eguneroko borroka ezagutuko dugu, sorkuntzaren alkimia, ezinaren izerdia, porrotaren itzala, ospearen osteko bakardadea. Ia oharkabean, Mikel Urdangarinen labirintoaren erdigunean ezkutatutako giltzaraino iritsi arte. Bidaia bat, bukatzeko unean berriro hasten dena. Bilaketa guztiak bidaia ere badirelako. Sormena, azken batean, bilaketa delako".

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide