Abuztuaren 6an, Kultur Etxean batu ziren VI. Txopitea Bekaren irabazlea aukeratu zuten epaimahaikideak: Ainize Txopitea, Maria Jose Aranzasti, Ione Saizar, Juan Felipe Garces, Nekane Iribar (Kultura zinegotzia eta epaimahaiburua) eta Fernando Llopis (Kulturako arduraduna eta epaimahaiko idazkaria). Beka jasotzeko aurkeztutako zortzi proiektuak aztertu ondoren, aho batez adostu zuten aurtengo irabazlea Ruben Martin de Lucas izatea.
Martin de Lucasek Burocracia izeneko dokumentala garatzeko proiektua aurkeztu zuen. Nabigazioari eta "aske mugitzeko oinarrizko eskubideari" buruzko lan bat da: "Proiektu honek agerian jarri nahi du gizakiaren funtsezko eskubideetako bat, mugitzekoa, murriztu egiten dena modu artifizialean marraztutako lerro jakin batzuetan oinarrituta", bere esanetan.
Ekintza performatiboen bidez, herrialde edo nazio bezalako kontzeptuei buruzko gogoeta bultzatzeko asmoa du proiektuak. Hitz hauen "balioa kuestionatzeko eta muga ororen izaera abstraktu eta artifiziala nabarmen uzteko" saiakera egin nahi du Martin de Lucasek, bere ustez, "etengabeko tentsio iturriak" baitira, "sendotasun objektiborik ez duten arren".
Dokumental hau garatzeko, 30.000 euroko laguntza jasoko du Martin de Lucasek. Bekarako aurkeztutako proiektua, Burocracia, proiektu orokorrago baten parte da, "muga guztiek duten natura artifiziala eta behin-behinekoa" azaleratzeko helburua duena. Stupid Borders laburmetraia ikusgai dago jada, honako esteka honetan.