Aupa Etxebeste! filma osatu zuen familia berriz ere batu da; izan ere, jarraipena grabatzen hasiko dira datorren astelehenean. Agur Etxebeste! izango da bigarren lan honen izena, eta lan-talde bera elkartu da grabaketetarako, bai teknikoa bai artistikoa. Honela, Asier Altuna eta Telmo Esnal zarauztarraren zuzendaritzapean arituko dira Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luciano), Iban Garate (Iñaki), Iñake Irastorza (Axun) eta Patxi Gonzalez (Exenarro) aktoreak.
Ekoizpenaren zati handiena Bergaran grabatuko da, baina Gipuzkoako beste herri batzuetatik ere igaroko dira; Hondarribitik, Irundik eta Zarauztik, esate baterako. Aupa Etxebeste! filmerako eraikitako etxea ere birsortuko dute, Oiartzunen.