'Euskararnasa' leloa izango du aurten Euskaraz Bizi Egunak

Zarauzko Hitza 2018ko abuztuaren 16a

2016ko Euskaraz Bizi Eguneko herri bazkaria.

Irailaren 1ean izango da AEK-k eta Euskal Herrian Euskarazek antolatutako eguna. "Euskara erdigunean ipiniko dugu egun osoko egitarauaren bitartez", antolatzaileek azaldu dutenez.

Irailaren 1ean izango da XI. Euskaraz Bizi Eguna, AEK eta Euskal Herrian Euskarazen eskutik. Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta aurtengoan Euskararnasa leloa hautatu dute. "Guretzat bizitzeko oinarrizko ezaugarrietako bat da hizkuntza, eta horregatik ari gara horrekin eta horren alde lanean".

Egunari hasiera emateko, AEK-k antolatutako euskararen aldeko lasterketa egingo da goizean. Izen-ematea 10:00etan izango da, eta lasterketa honako orduetan: irristaketa 10:45ean, eta korrikalariak 11:00etan. Eguerdian, herri bazkaria antolatu du EHE-k. Txartelak hilaren 24an salduko dira, 18:30ean Musika plazan. Begetarianoek ere izango dute bazkaritarako aukera. Bazkaria 14:30ean hasiko da, baina mahaien banaketa 13:00etan izango da. Bazkal ondoren, ekitaldia antolatu dute.

Bestalde, iaz lehenengo aldiz egin zen meme lehiaketarekin jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek, iazkoa arrakastatsua izan zela iritzita. Irailaren 1ean aukeratuko da meme onena, bozketa bidez. AEK-k eta EHE-k azaldu dutenez, Euskaraz Bizi Egunean "euskara erdigunean ipiniko dugu egun osoko egitarauaren bitartez".

Azkenik, duela aste batzuk irailaren 1ean laguntzeko irekitako zerrendari dagokionez, pixkanaka-pixkanaka jendea apuntatzen ari dela esan dute. "Biziki eskertzen dugu hori". Dena den, oraindik ez dutela zerrenda itxi adierazi dute, eta beraz, "herritarren laguntzaren zain" jarraitzen dutela. "Denon ahaleginari esker egingo dugu Euskal Herri euskalduna".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide