Iazkoa berretsi nahi du Aritz Aranburu surflariak: Air Tahiti Nui Billabong Pro Trialsak irabazi eta hilaren 10ean hasiko den txapelketa nagusian ariko txartela lortu. Atariko lehia gaur eta bihar artean jokatuko dute Teahupooko olatuetan, hilaren 7an eta 8an, eta, guzttira, 32 surflari hartuko dute parte. Horietatik 23 bertakoak dira, etxekoak, eta gainerakoak, berriz, beste herrialdetakoak.
Horien guztien artean, Billabong Pro Tahiti txapelketa nagusirako bi gonbidapen izango dira jokoan. Gonbidapen bat etxeko surflari onenarentzat izango da, eta bestea txapelketako onenarentzat. Beraz, Aranburuk lehia irabazi beharko luke edo, bestela, finalean etxeko surflariren baten aurka jokatu.
Gaur hasiko dira trialsak jokatzen, eta zarauztarra lehen txandako lehen kanporaketan ariko da. Berekin batera uretaratuko dira David Tereva, Poulou Jocelyn eta Braye Mihimana.