Oteizaren 'Mi siesta' eskultura jada ez dago Foruen kaleko plazatxoan

Zarauzko Hitza 2018ko abuztuaren 2a

Foruen kaleko plazatik kendu dute 'Mi siesta' artelana. (Dorleta Agiriano Lai)

Atzo kendu zuten artelana, eta haren jabeak salgai jarri du arte galeria batean.

Jorge Oteiza artista oriotarrak Mi siesta izeneko eskultura oparitu zion bere garaian Joseba Garateri, garai bateko Zubi Ondo jatetxeko arduradunari, eta jatetxe aurrean egon zen hainbat urtez ikusgai. 2009an, Iñurritzako biotopoaren berreskuratze lanak zirela eta, kokapen berri bat eman zioten eskulturari. Foruen kaleko parketxoan paratu zuten, eta Zarauzko Udalak eta artelanaren jabeak hitzarmen bat sinatu zuten horretarako: jabeak berak nahi zuen arte lagako zion udalari, eta bitartean udala eskulturaren mantenuaz arduratuko zen.

Adostu zuten bezala, jabeak hilabete lehenago jakinarazi zion udalari artelana eramango zuela, eta atzo bertan kendu zuten parketik. Garatek berak jakitera eman duenez, galeria batean jarri du salgai. Mi siesta burdin galbanizatuz eginiko obra bat da, Oteizak 1999an landua.

'Mi siesta' eskultura Foruen kalean jarri zuteneakoa, 2009an.

 

Artelana Zubi Ondo jatetxean zegoen hasieran.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide