"2017ko abuztuaren azkenetan elkartu ginen Zarauzko hainbat antzerki elkarteetako kide Zarauzko Udaleko kultur teknikariarekin eta zinegotziarekin. Sanz Enean eginiko bilera haren aurretik aurtengo udarako zerbait berezia egin nahi zutela esan ziguten, baina ezer gutxi gehiago genekien.
2018an Kalerkik 25. urteurrena zuela, eta hori, nola ez, modu berezian ospatu beharra zegoen! Herritik sorturiko antzerki bat egitea zen ideia, eta, horretarako, bakoitzak bere aldetik, ideia zaparrada bat egin eta berriz elkartu ginen. Bigarren bileran hainbat gauza errepikatu ziren: antzerki itinerantea egitearen ideia, Zarauzko inguru bereziren batera egokituriko antzerkia egitea (Torre Luzea, Villa Munda, Torreoia, Arrosategia... ), galdurik den pertsonaiaren ideia (haurra, beharbada), eta hauen guztien ondoren, izen bat: Alice. Aurreko guztiak lotzeko bide egokia.
Bilerek aurrera jarraitu zuten, eta aktore guztion ideia eta inpultsoak norabide berean jartzen hasiak ziren, baina kapitain lanetarako norbaiten beharra ere sumatu genuen. Dramaturgiaz eta zuzendaritzaz arduratuko zen norbait behar genuen, eta, horretarako, Zestoa aldera jo genuen. Amancay GaztanĚagari deia egin eta hor hasi zen Aliceren abentura itxura hartzen. Bagenuen ideia, norabidea eta "kapitaina".
Muga ekonomikoak medio, abenduaren 3an aktoreen hautaketa egin eta abenduak 26an hasi ginen sei aktore Aliceren istorioko eszena ezberdinak lantzen Aritzbatalde kiroldegiko espazio eder batean. Gabonetako entsegu astean hainbat irudi eder sortu ziren, inprobisaketen bidez. Aktoreok pertsonaia ezberdinak probatu genituen eta pertsonaien aukera ezberdinak ikusi.
Apirilera arte Amancay jardun zen lanean bakarrik, denon artean sorturiko zurrunbiloari itxura emanaz. Apirila bukaeran elkartu eta lehen aldiz irakurri genuen Amancayk sorturiko antzezlana. Gidoian bertan zetorkigun Kalerkin antzeztuko genuen antzerkiaren izenburua: A Lurpean.
Gidoiak ikasi, arropen lehen probaketak egin eta pertsoanien lanketa indibiduala egin genuen ondorengo asteetan. Ekainaren 8an elkartu ginen berriz guztiok eta entsegu artean igaro genuen hilabetea, azkenik uztailaren 7an estreinatu genuen arte.
Hilabeteetako lanak bildu zuen jendea Arrosategiko parkean. Testu batetik sorturiko inpultsoak lehenbizi, inprobisaketak ondoren, gidoia, entseguak, teknikarien lanak, jantziak, makilajea, espazioaren prestaketa eta, nola ez, publikoaren erantzuna. Hilabeteetan buruan horixe, publikoaren erantzuna.
Momentu txiki batean horrenbeste gauza jostearen emaitza izan zen A Lurpean. Askotan balioa ematen ez zaion lanaren emaitza izan zen zarauztar asko eta askok oparitzat hartu duten antzezlan hau. Balioa ematen ez zaiola diot, hasteko, ezagutzen ez delako. Uztailean ikusirikoaren prozesua 2017ko abuztuan, ia urtebete lehenago, hasi zela ez dakielako jende askok, eta, beraz, prozesu hori errekonozitzea zaila delako.
Errekonozimentu falta horrek egin zuen "A" pertsonaia dantzari. Antzerkian parte hartu genuen akrobata, aktore eta abeslariok bezalaxe, bere lana "amets" eta munduak ematen diona "segurtasun" baitira, artista profesional izatearen erdiko aukerarik gabe.
Zaila da hautua egitea, gaileta bat edo bestea jatearen artean aukeratzea eta horixe erakutsi nahi izan diogu Zarauzko herriari.
Zarauzko Udalak aukera ederra eman zigun zerbait berezia egiteko, eta gure aldetik pozez txoratzen jardun gara. Batera lanean jarduteko aukera itzela izan da. Zarauzko herriak balioa eman dio gure lanari, eta Zarauzko herrian kalitate handia dagoela demostratu ahal izan dugu. Eskerrik asko, bada, apustu hau egiteagatik eta 25. urteurren honetan herritik herriarentzat sorturiko antzerki berezia ekoizteagatik.
Uztailaren 8an eta ondorengo egunetan gogoeta bat nagusitzen zen, bai guregan, bai ingurukoengan: ez dadila bakarra izan. Jendeak antzerkia asko disfrutatu zuela, zenbait ikusteko gogoz gelditu zela (sarrerarik ez, ordea) eta guk, artistok, argi dugu A Lurpean beste herrietan antzezteko gogoa eta horrelako kalitatezko proiektu gehiago egiteko prest gaude, Arrosategian, Musika Plazan edo Modelo antzokian".