Zarauztarrak nagusi Soriako Hondartzako Eskubaloi Txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko uztailaren 30a

Zarauzko ordezkariak Soriako Hondartzako Eskubaloi Txapelketan. (Utzitakoa)

Zarauzko hamabi eskubaloi jokalari gaztek Soriako Hondartzako Eskubaloi Txapelketan hartu dute parte asteburuan, bi taldetan banatuta: 15 urtekoak Bigantxak izenean, eta 16 urtekoak Zezenak bezala. Biak ala biak txapeldun izan dira, gainera; lehenak gizonezkoen kadete mailan, eta bigarrenak gizonezkoen txapelketa herrikoian.

Lehen aldiz antolatu dute aurten gisa honetako txapelketa bat Sorian, eta ostegunetik igandera jokatu da bertako zezen plazan. Guztira, 170 lagunek hartu dute parte kategoria ezberdinetako 38 taldetan, eta Zarauzko gazteek maila ezin hobea eman dute; ZKE Eskubaloiko kideak dira, baina kirol ekitaldira lagunartean joan dira lehiatzera. Primerako esperientzia izan dela eta giro ederra izan dutela nabarmendu dute, eta txapelketa irabazita are gusturago itzuli direla etxera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide