Gurutze Gorriak ez ditu Zarauzko sorosleek egindako eskakizunak onartu

Zarauzko Hitza 2018ko uztailaren 27a

Igande honetan bilduko dira herriko sorosleak eta Gurutze Gorria. Momentuz ez dago akordiorik, eta sorosleek protestak deitu dituzte uztailaren 29, 30 eta 31rako.

Larunbatean biltzekoak ziren Zarauzko sorosleak, udala eta Gurutze Gorria. Aste honetan, sorosleek beren eskakizunak helarazi dizkiote Gurutze Gorriari, eta honek aurrez jakinarazi dienez, onartu duen minimoa ez da sorosleek eskatutakora hurbildu ere egiten. Beraz, une honetan ez dago akordiorik.

Honen aurrean, Zarauzko sorosleek protestak deitu dituzte uztailaren 29, 30 eta 31rako. Hondartzan zein herrian egongo dira presente beren aldarrikapenak. Protesten lehenengo egunean, uztailaren 29an, Gurutze Gorriarekin bilduko dira.

Uztaileko hiru egun horietarako, Gipuzkoa osoko hondartzetako sorosleek deitu dute greba. Beren lan-baldintzen inguruko borrokak indar handia hartu du azken asteetan, eta herrialde mailan mugitu, koordinatu eta borrokatzea lortu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide