Donostiako Adingabeen Auzitegiak erregimen erdi irekia onartu dio Amaia Azkueren hiltzaile Ander Etxeberriari. El Diario Vasco egunkariaren arabera, auzitegiak duela egun batzuk hartu zuen Etxeberriaren zigorra arintzeko erabakia, nahiz eta adingabekoen fiskala erabaki horren aurka agertu zen.
Zumarragako Ibaiondo zentroan dago atxikita 24 urte dituen gazte azpeitiarra, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak izan dira bergizarteratze programan egindako "bilakaera positiboa" eta ezarritako zigorraren erdia baino gehiago beteta edukitzea.
Erregimen erdi irekiari esker, zentrotik kanpo hainbat jarduera egin ahal izango du, hala nola hezkuntzari, formazioari, lanari eta aisialdiari lotutakoak. Jarduera horiek guztiak hezitzaile batek lagunduta egin beharko ditu.
2012an, Gipuzkoako Auzitegiak hamar urteko zigorra jarri zion azpeitiarrari, Amaia Azkue (Orio, 39 urte) Zarauzko bizilaguna hiltzea leporatuta. Ordutik, Ibaiondon dago atxikita, eta zigorra betetzean bost urte egon beharko du zaintzapeko askatasunean.