Giro eguzkitsuarekin jokatu dute 48. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Lehen sailkatuek hondarretan lasterka apur bat egiteko aukera izan badute ere, igerilari gehienek mareak horma jotzen zuela amaitu behar izan dute itsas zeharkaldia. Ia 3.000 igerilarik egin dute herri batetik besterako ibilbidea igerian, eta Niko Illarramendi zarauztarra (33:08) eta Amaia Iriarte burlatarra (34:32) izan dira azkarrenak. Iriartek, gainera, 2016an Amaia Zendoiak ezarritako marka gainditu du, emakumeen mailan inoizko denborarik onena eginez.
Emakumezkoetan bigarren Ana Vega donostiarra izan da. Vegak, emakumezkoen sailkapen orokorreko bigarren postua lortzeaz gain, Master 35 mailako garaipena erdietsi du. Hirugarren postua, berriz, Amaia Zendoia donostiarrarentzat izan da. Gizonezkoetan, Unai Arruabarrena izan da bigarren. Illarramendiri garaipena erraz utzi ez dion arren, azken unean hondarretara jausi eta lasterka alde egin dio zarauztarrak. Hirugarren, berriz, Igor Aranguren donostiarra izan da.
Lehen zarauztarrak June Zabala eta Nikolas Illarramendi izan dira, eta lehen getariarrak Izaskun Alvarez eta Eneko Larrañaga. Bestalde, Nerea Murua zarauztarra txapeldun izan da Master 45 mailan. Igerilarienez gain, bestelako sariak ere banatu ditu Zarautz Balea Igeriketa taldeak. Jesus Jauregiren omenezko plaka bat eman diote haren semeari, lehiaketaren fundatzailea izateagatik. Horrez gain, Marea Urdinari 1.045 euroko txekea eman diote.
Gaztetxoen zeharkaldia
Goizeko 10:00etan uretaratu dira infantil mailako igerilariak Zarauzko hondartzatik. 800 metroko ibilbidea izan dute hauek, eta Enaitz Goñi hernaniarra (12:08) eta Uxue Etxeberria (12:24) azpeitiarra izan dira txapeldun. Lehen zarauztarrak, berriz, Sara Isasti (14:15) eta Manu Agirrezabal (13:53) izan dira.