Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia 2018

Igandekoa, Getaria-Zarautz trabesia berritzaileena

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 19a, 16:38

Rural Kutxako Amets Gonzalez-Txabarri, Balea elkarteko IƱigo Ugarte, Xabier Txurruka alkatea eta MP markako Nelson Flores (Onintza Lete Arrieta)

2.900 igerilarik hartuko dute parte igande honetan Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldian. Txano beltzen aurretik, urre kolorekoak aterako dira; guztira zortzi talde izango dira.

Gaur aurkeztu dute Getaria-Zarautz 48. Itsas Zeharkaldia. Urtero bezala, igerilariek 2.800 metro osatu beharko dituzte uretan. Horixe da iaztik errepikatzen den gauza bakarrenetakoa. Izan ere, berrikuntzaz betetakoa izango da igandeko proba. Hasteko, ia 3.000 laguneko izen-ematea lortu dute aurten. «2.900 igerilari aterako dira, baina berez izena 3.000k eman zuten, eta muga hor jartzea erabaki genuen. Gero, baja batzuk egon dira», azaldu du Balea Igeriketa Elkarteko Iñigo Ugartek.

Zenbaki horiekin, Europako laugarren proba jendetsuena dela jakinarazi du Xabier Txurruka alkateak, eta eskerrak eman zizkion igeriketa klubari, Zarautzen izena zabaltzen laguntzeagatik.

Horiez gain, elbarritasunen bat duten 20 lagunek eman dute izena, eta horietako batzuek laguntza beharko dute zeharkaldia egiteko. Umeen trabesian, berriz, 200 haurrek eman dute izena 800 metroko distantzia osatzeko. 10:00etan egingo dute proba.

Urre kolorea
Helduen lehia 11:30ean hasiko da. Aurten zortzi taldetan banatu dituzte igerilariak, eta beti bezala, talde bakoitzak kolore bereko txanoa eramango du. Denbora azkarrena egin ohi dutenei txano beltza eman izan diete orain arte, baina aurten, urre koloreko txanoa jantziko dute horiek. Izan ere, «iaz marea baxuarekin denbora oso onak egin zituzten, eta 160 parte hartzaile inguruk jantziko dute txano hori». 40 minutuz azpitik dabiltzanak dira, eta horiek aterako dira aurrena.

Horien atzetik, hamar minututik behin aterako dira, ordena honetan: beltzak (40-45 minutuan egiten dutenak); berdeak (45-50 minutu); zuriak (50-55 minutu); urdinak (55-65 minutu); eta azkenik, 450ko taldeetan, hori, arrosa eta moreak.

Banaketa hori egiterakoan «segurtasuna» lehenetsi dutela esan du Ugartek, eta jakinarazi du aurten ohiko zainketa lanez gain, hamasei lagunentzako tokia duen plataforma bat edukiko dutela uretan bigarren eta hirugarren tunelaren inguruan, «beharra duten igerilariei laguntzeko».

Bestalde, txip sistema berria izango dute aurten, «iazkoak ez zituelako igerilari batzuen orduak jaso». Aurtengoa orkatilean jarriko da, eta erabili ondoren botatzekoa izango da. Horrez gain, Munoan pantaila handi bat jarriko dute herritarrek proba zuzenean jarraitzeko, eta Eusko Labelen 0 km txosna ere lehenengo aldiz egongo da, kirolarientzat nahiz herritarrentzat.

Olatu txikiak eta zeru lainotua daude iragarrita, eta «iazkoa baino ur beroagoa».

Zenbakia

900
parte hartuko duten emakume kopurua

Emakumeek proban duten presentzia azpimarratu zuten aurkezpenean. Aurten partaideen %30a izango dira, eta urtez urte goraka doa. Horren lekuko, honako datuak eman zituzten:
2005. urtean. 50 partaide.
2016. urtean. 505.
2017. urtean. 704.
Aurten. 900.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide