'#sinmariconadas' traola erabili izana salatu dute LGTBIQ+ sareak eta Txaparrotanek

Zarauzko Hitza 2018ko uztailaren 17a

Uztailaren 7an eta 8an jokatutako hondartzako eskubaloi txapelketan talde batek zeraman kamiseta dela eta, bat egin dute herriko bi eragileek #sinmariconadas traolaren erabilera salatzeko. Honako mezu hau zabaldu dute sare sozialetan.

"Txaparrotan eta Zarauzko LGTBIQ+ elkartu gara txapelketako talde batek bere kamixetan zeraman #sinmariconadas traolaren kontra tinko azaltzeko, edonolako gaizkiulertuak argitzeko eta batez ere elkarlanean halako eraso homofoboen aurka borroka egiteko.

Bi taldeon lehen helburua salaketa argia egitea da eta argi adieraztea ez dugula onartzen ez Txaparrotan ez inon marikoion kontrako inolako erasorik ezta LGTBIQ+ fobiarik ere.

Denok hain barruraino sartua dugunez homofobia, lesbofobia eta transfobia eta are okerragoa dena, konturatu gabe eta inkontzienteki gauzatzen dugunez homofobia hori, traol horren bidez esaterako, Txaparrotan eta Zarauzko LGTBIQ+ sarearen eginkizuna izan da hau mahaigaineratzea, salatzea eta datozenerako protokoloa zehaztea.

Hortaz, bi taldeok espero dugu aurtengo bizipen honek erakutsi digula homofobiak hamaika zirrikitu erabiltzen dituela iraintzen eta zapaltzen jarraitzeko baina elkarlanari eta autokritikari esker borrokan jarraituko dugula homofobiak are eta espazio gutxiago jan diezagun."

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide