Artezaleakek antolatuta, LV. Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa - XX. Julian Ugarteren Oroimenezkoa egingo dute igande honetan. Goizean eman beharko da izena eta zigilatu mihiseak, udaletxeko sarreran, 08:45etik 10:00etara. Lanak kalean egin beharko dituzte parte hartzaileek, eta aurten landu beharreko gaia Alde Zaharra izango da.
Behin norbere sormen lana bukatuta, 13:30 aldera aurkeztu beharko dira Lege Zaharren enparantzan. Sari banaketa 14:30ean egingo dute, eta bitartean erakusgai jarriko dituzte herritarren aurrean. Epaimahaikideak Artezaleakek jarriko ditu eta arte munduan eskarmentua duten pertsonek osatuko dute.
Garaileak Zarauzko Udalaren 1.000 euroko sari berezia jasoko du; bigarren sailkatuak 800 euro; eta hirugarrenak 500 euro. Era berea, zarauztarren saria emango dute, 300 eurorekin, eta haurrentzat nahiz gaztetxoentzat ere izango da saririk: 12-16 urte bitartekoentzat 100 euro, eta 8-11 urte bitartekoentzat, 50 eurotan baloratutako materiala. lana sarituak udalaren esku geratuko dira.