Harri bat poltsikoan da zure lehen lana idazle bezala. Nola bururatu zitzaizun istorioaren ideia?
Dena hitz baten inguruan laburbiltzen da: Andoni. Nire seme zaharrena da. Berak oparitu zidan ideia, liburuan azaltzen den pasarte bat nire aurrean gertatu zitzaiolako. Pasarte hori ikusi nuenean, zerbait piztu zen nire barruan.
Andoniri, kaletik goazenean, gure pausoei arauak jartzea gustatzen zaio: "Ama, ezin ditugu baldosa gorriak zapaldu", edo "ama, marren artetik joan behar dugu". Behin, zebrabide luze bat zeharkatzera gindoazela, zera esan zidan: "Ama, ezin dira marra beltzak zapaldu, eta beste alderaino iristen banaiz hegoak aterako zaizkit". Orduan, besoak zabaldu zituen eta hantxe joan zen.
Hori izan zen abiapuntua, beraz.
Hori ikusi nuenean, zerbaitek eragin ninduen. Berak arratsaldea lagunekin jolasten pasatu zuen bitartean, ni ideiak makinatzen eta ipuina sortzen hasi nintzen. Etxera iristean, Andoniri kontatu nion ordura arte bururatutako guztia, eta asko gustatu zitzaion.
Gauean berriro kontatzeko eskatu zidan, eta orduan pentsatu nuen agian hor bazegoela zerbait. Bikoteari komentatu nion, eta idaztera animatu ninduen. Ordura artekoa idatzi nuen, eta honela hasi zen liburuaren sortze prozesua. Idazten eta istorioa biribiltzen nindoan heinean, Andoniri erakusten nizkion pasarteak. Ia-ia bere izenak ere agertu beharko luke liburuaren egile gisa.
Zer garrantzi dauka ipuinak haur batentzat? Zer funtzio bete dezake?
Ipuin batek oso funtzio desberdinak izan ditzake. Alde batetik, ipuin batzuk haurrei lagun diezaiekete egoera konplexuetan. Azkenean, liburuek errealitate bat fikzio gisa islatzen dute, errealitate horri forma ematen diote, eta hori nola kudeatu erakusten dute. Ipuinak tresna indartsuak dira haurrei laguntzeko. Haurren pentsamendua ez da helduena bezalakoa, ez baita hain abstraktua. Beraz, esku artean, paperean, zerbait erreala izateak, irudi eta guzti, asko lagun diezaieke.
Bestetik, ipuinen funtzioa entretenitzea ere bada. Gozatzea, hain zuzen ere. Gure etxean gauero irakurtzen dugu haur literatura, irakurtzea gozatzea delako niretzat, eta nire umeentzat ere hala izatea nahi dudalako. Sormena eta irudimena ere hor daude.
Beraz, bi alde hauek daude ipuin baten barruan bateratu daitezkeenak. Nire kasuan, nahi gabe edo ez, bateratu dira. Liburua idazten hastean, ez nuen pentsatu zerbait lantzeko liburu bat idatziko nuenik, baina azkenean hala izan da. Ezin duzu sentimendurik gabeko istorio bat idatzi. Sentimenduak daude sentimenduak sortzeko, eta hori nahitaezkoa da.
Zer transmititu nahi izan duzu zure liburuaren bidez? Zein gai lantzen dira?
Istorioaren hasieran, segurtasun gabezi egoera baten aurkitzen da Xana (istorioko protagonista), bere burua maitatu ezinik. Nahiko egoera ohikoa da, haurren zein helduen artean. Orduan, errealitate hori pixka bat fikzio bihurtu dut, istorioa irakurleak espero ez duen leku batetik bideratuz. Uste dut askotan helduok izaten garela haurrei segurtasun gabezi horiek eragiten dizkiegunak. Nahi gabe eta beren hobebeharrez ari garelakoan egin ohi dugu, gure maitasun guztitik. Baina babestu eta lagundu nahi horretan, askotan ez diegu uzten bizitzen eta gauza asko egiten. Gero, horrek sortzen dizkie segurtasun falta horiek. Beraz, nire liburuaren bidez, Xanak haurrei zerbait erakustea nahi izan dut, baina baita haur horiei ipuina irakurriko dieten helduei ere.
Zure liburuarekin batera, Erein argitaletxeak aurkeztu dituen haurrentzako beste liburuetan ere gai mamitsuak lantzen dira: bullynga eta segurtasun edo autoestima falta, besteak beste. Garrantzitsua iruditzen zaizu haurrekin gai hauek lantzea? Nola lor daiteke ipuin baten bidez?
Haurrak babesteko joera dugu helduok. Erori egiten dira eta altxa egiten ditugu, negar egiten dute eta ez egiteko esaten diegu, egoera eta sentimendu negatiboak saihestu eta zoriontsu izatea nahi dugulako. Baina uste dut txikitatik min hori onartu behar zaiela, bai min fisikoa, bai emozionala. Handitzen diren heinean, min emozional horren abanikoa handitu egiten da: bullynga, segurtasun gabezia, lotsa, beldurra...
Garrantzitsua da sentimendu horiei izena jartzea eta azaleratzea, izan positiboak, izan negatiboak. Liburuek horretarako aukera polita ematen dute. Egoera deseroso edo mingarri baten aurkitzen bazara, zuzenean zurekin hitz egiten badut eta nola sentitzen zaren eta zer egin beharko zenukeen esaten badizut, agian harresi moduko bat sortuko da gure artean. Ez duzu egoera onartuko.
Haurrei ere berdina gertatzen zaie. Baina ondoan istorio bat jartzen badiezu, non protagonista beste bat den eta bere egoera berdinean dagoen, protagonista horren lekuan jartzea lortzen dute. Hausnartu eta liburuak islatutako bide horretatik ikasten dute. Beraz, ipuinak oso tresna politak iruditzen zaizkit, baina ahozko komunikaziotik hasi behar genukeela uste dut.
Liburua marrazkiekin jantzita dago. Nolakoa izan da elkarlana ilustratzailearekin?
Askotan idazleei egiten zaizkie elkarrizketak, eta ilustratzaileak ahaztu egiten dira. Nire liburua ez litzateke ezer irudi horiek gabe: Rocio Irigoienek sekulako lana egin du. Elkarlanean aritu gara eta iruditzen zait liburuaren esentzia oso ondo irudikatu duela. Oso gustura nago gure elkarlanak eman duen emaitzarekin.
Idazle moduan, baduzu beste proiekturik buruan?
Proiektu bat hasia nuen eta orain berriz ere horri heltzeko ilusio handiarekin nago. Harri bat poltsikoan lanaren prozesua oso polita izan da, ilusio handiarekin bizi izan dut, eta orain ere gogotsu nago. Haurrez inguratuta nago etxean eta sortzeko gogo handia dut.