Zarauzko Udalak duela bi urte ireki zuen HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua, Etxezabalan, eta urte hauetan harrera ona izan du herritarren artean; ekainean, esaterako, batez beste 190 lagun artatu dituzte egunero. Orain, zerbitzua hobetzeko eta herritarrei erraztasunak emateko, makina berri bat jarri du HAZen atarian, eta dagoeneko erabilgarri dago. Horren berri emateko eta bere funtzionamendua aurkezteko agerraldia egin du gaur goizean Jesus Arana zinegotziak.
Makinak hainbat eragiketa telematiko egiteko aukera eskaintzen du, udalekoak zein aldundikoak; hala nola, zergak kudeatzeko, lizentziak eskatzeko, obrak egiteko baimena eskatzeko eta diru laguntza eskaerak egiteko. Horrez gain, norbanakoek errolda agiria inprimatzeko aukera izango dute, baita ordainketak ere, Eusko Jaurlaritzako orriaren bidez. Oinarrizko zerbitzu horiek emateko, makinak ordutegi zabala izango du: astelehenetik larunbatera, 07:30etik 21:00etara, eta igandetan, 08:30etik 15:00etara, hain zuzen ere.
Eragiketak egin ahal izateko, nortasun agiri elektronikoa edo B@kQ identifikazio sistema erabili beharko dute herritarrek; errolda agiria ateratzeko eta ordainketak egiteko, aldiz, nahikoa da NANa erabiltzea, inolako pasahitzarik sartu gabe. B@kq identifikazio sistema KZgunean (Gaztelekuan) eskatu daiteke, eta Zarauzko Osasun Etxean ere lor daiteke. "Horren bidez, txartelik gabe, bakarrik norbere izenarekin nahiz pasahitzarekin bere identifikazioa bermatu ahal izango du", nabarmendu du Aranak.
Webgune berria udazkenean
Udazkenean Zarauzko webgune berria aurkeztuko dutela gaineratu du, eta bertan zerbitzu telematikoak eskainiko dituztela; erregistro digitala egiteko eta jakinarazpen elektronikoak jasotzeko aukera ere izango du. Eta hori guztia ordenagailu bidez edo sakeleko telefonoarekin kudeatu ahal izango da. Aranaren hitzetan, "gomendagarria da halako identifikazio elektronikoak lortzen hastea herritar bezala. Jakina, beti egongo da eragiketak pertsonalki joan eta egiteko aukera, baina beste bide batzuk zabaltzen ari gara udaletik, eta garrantzitsua da jakitea herritik atera gabe egiaztagiri hainbat lor daitezkeela modu honetan".
Bestalde, HAZeko ordutegia gogoratu du: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara dago zabalik; ostegun arratsaldetan aldaketa txiki bat egin dute, eta aurrerantzean 17:00etatik 19:00etara izango da. Era berean, 10:00-12:30 bitartean jendea pilatzen den tartea dela adierazi du, eta beste momentuak aprobetxatu daitezkeela zerbitzua lasaiago erabiltzeko.