Espainiako Surf Txapelketan izan zarete hainbat zarauztar, eta oso maila altua erakutsi duzue guztiek.
Txapelketan parte hartzen dutenen artean dagoen maila handia ikusita, garbi geratu da Zarautzen ere oso maila handia dagoela eta harrobi ona dugula. Azkenean, finaletan zein finalerdietan gehiengoa euskal surflariak ginen, baita zarauztarrak ere.
Horrek erakusten du Zarautzen surfean egiten dugun lan gogorra. Hemen, neguan zein udan, eguraldi txarrarekin zein onarekin, hotzarekin, euriarekin, urte guztia pasatzen dugu entrenatzen. Uretan ez bada, gimnasioan edo igerilekuan. Gainera, herrian bertan erreferente asko ditugu: Hodei Collazo, Aritz Aranburu, Axi Muniain... Beraien lana eta beraiek egin dutena ikus dezakegu, eta hori motibazio bat da aurrera egiteko eta bide hori jarraitzeko.
Zure kasuari dagokionez, emakumezkoen kategorian finalerdietaraino iristea lortu duzu. Espainiako Txapelketan, junior kategoriako probak jokatu ziren; hau da, 12 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak eta 18 urtez azpikoak. Aste guztian zehar deitu gintuzten bertan parte hartzeko, baina olaturik ez zegoenez, azken egunean esan ziguten ez zirela jokatuko, eta beste data batzuetan beste leku batean jokatuko direla. 12 urtez azpikoek bai jokatu zutela, eta bertan Hans Odriozola euskal surflariak irabazi zuen. Baina, esan bezala, aste guztia pasa nuen uretan, olaturik ez egon arren, eta ezin izan nuen gehiegi egin.
Beraz, ia entrenatu gabe iritsi nintzen asteburuko Open mailako txapelketara. Lehenengo txandan oso ondo aritu nintzen, aurrera egin nuen, eta, azkenean, finalerdietara iristea lortu nuen. Oso pozik nago lortutakoarekin. Jakina, gehiago egin daitekeela, finalera iristea adibidez, baina badakit oso gauza onak egin ditudala. Badakit hausnartuko dudala eta egindakotik ikasiko dudala. Gaizki ateratako gauzetatik ikasteko aukera daukat orain, horiek zuzentzen saiatzeko.
Gipuzkoako lehenengo surf selekzioa aurkeztu berri du federazioak. Hamabi lagun izan zarete hautatuak, zu tartean. Zer iruditu zaizu ekimen berri hau?
Oso pozik nago Gipuzkoako selekzioaren parte izateagatik. Uste dut taldea osatzeko beharra bazegoela. Azken finean, ikusten dugu leku guztietan daudela selekzioak, guztiek dute selekzioa eta guk ez genuen. Gainera, pertsonalki, asko motibatzen zaitu deitzen zaituztenean, eta bertan parte hartuko duzula esaten dizutenean. Bertan beste entrenatzaile batzuekin lan egiteko aukera daukazu. Nik Shelterren entrenatzen dut Indar Unanuerekin, eta, orain, selekzioan Imanol Yeregirekin eta Aitor Frantzesena Gallorekin ere entrenatzeko aukera daukat. Egia esan, gustura nago, eta ekimen ona dela iruditzen zait.
Uztailaren 6tik 8ra Gipuzkoako Surf Txapelketa jokatuko da Donostian, eta zu bertan izango zara.
Gipuzkoako Txapelketa gainontzeko txapelketen modukoa izaten da normalean: txandak jokatzen dira, finalerdiak, finala eta irabazle bat egoten da. Baina, aurten, lehenengo bi egunetan lehia hori egoteaz gain, berrikuntza bat egongo da. Kantabria, Asturias eta beste lurralde batzuetako selekzioak gonbidatu dituzte, eta azken egunean, selekzioen arteko txapelketa bat egingo da. Gainera, elkar ezagutzeko aukera izango dugu. Hau izango da aurtengo txapelketako berrikuntzetako bat, selekzio desberdinak egongo garela.
Espainiako Txapelketan, Open mailakoen aurretik, selekzioen arteko txapelketa bat egiten da, baina gu ez gara bertan egon. Orain arte, arazo batzuk direla medio, ez du Euskadiko selekzioak hartu parte bertan, ezta Gipuzkoakoak ere. Ondo egongo litzateke datorren urtean gu ere bertan egon ahal izatea.
2020an Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoetan, surfa olinpiar kirol gisa jokatuko da lehenengo aldiz.
Bai, bertan Espainiako selekzioak hartuko du parte, baina gu ere ari gara saiatzen bertan gipuzkoarrak sartu ahal izateko lan egiten. Zaila da, baina lan egingo dugu eta saiatuko gara.
Gipuzkoako selekzioaren helburuetako bat da gazteei kirol helburuak lortzen laguntzea. Zeintzuk dira zure motibazioak une honetan?
Nik uste dut lehengo urtetik hona aurrerapauso handia eman dudala. Neguan asko entrenatu dut, beti egon naiz entrenatzen, eta orain udan denbora gehiago dudala, entrenatu besterik ez dut egingo. Oso motibatuta nago. Azken finean, aurrerapausoak eta emaitzak ikusten hasi naiz. Txikitatik nabil surfean, eta bada pixka bat gogorra; jende asko dago, guztiok entrenatzen dugu gogor, eta guztiok egiten dugu aurrera, guztiok ari gara garatzen. Hala ere, emaitzak ikusi ahal izatea oso pozgarria da. Ni orain ari naiz ikusten, eta bide beretik jarraitzeko motibazioa ematen dit, lanean jarraitzeko, jende desberdinarekin entrenatzen.
Nola ikusten duzu zure burua aurtengo denboraldian?
Gogor entrenatzen eta txapelketa desberdinetan parte hartzen jarraituko dut. Nik junior mailako Europako txapelketetan hartzen dut parte, eta orain arte emaitza on gehiegi lortu ez badut ere, pixkanaka ari naiz hobetzen. Laster Sopelan jokatuko da junior mailako txapelketa bat eta ni ere bertan izango naiz. Udan ere proba asko jokatuko dira, eta espero dut bertan lan txukuna egitea.