Erretratuak simulatzen

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uztailaren 4a

Barbara Stammel erakusketako lan baten aurrean. (Amaia Urbieta Arruti)

Merkatu plazako goiko solairuak begirada trukaketarako gonbita luzatzen du. Tristeak batzuk, misteriotsuak beste zenbait. Tamaina eta esanahi ezberdinetako aurpegiak daude ikusgai Barbara Stammelen erakusketan.

Egunotan, bat baino gehiago geratuko zen begira Merkatu plazako goiko solairura erosketak egitera joan denean. Duela bi aste, ekainaren 21ean, inauguratu zuen Getariako bizilagun Barbara Stammelek (Söcking-Starnberg, Alemania, 1960) Irudia, erretratua eta simulazioa erakusketa, eta bertan egongo da ikusgai uztailaren amaierara arte, egunero, 11:00etatik 13:30era eta 18:30etik 21:00etara.  Duela urte batzuk Jose Luis Zumetaren erakusketa ikusi zuen artista alemaniarrak leku berean, eta, harrezkero, espazio hartan bere obra inauguratzeko gogoa izan du.  Aurten, horretarako aukera eman diote.

Erretratuei buruz galdetuta, «buruak» marraztea duela gustuko dio alemaniarrak, erretratu kontzeptuaren esanahia oso lausotzat baitauka. Erakusketaren izenburuan horrekin jolasten du nolabait egileak. «Ikus ditzakegun lan batzuk erretratuak direla esan daiteke, bai, baina zer da erretratu bat? Zure erretratu bat egiten badut, koadroan egongo dena ez zara zu izango, koadro bat da. Zu zaude alde batean, eta koadroa bestean. Beraz, sortu ditudan lan hauek zer diren nire buruari galdetzen diot etengabe. Hortik, simulazio hitza».



Askotan, jende ezagunaren erretratuak egiteko eskatzen diote Stammeli, baina artistak  nahiago du beste era batera lan egitea. Bere ustez, «erretratu horiek ez dira inor, irudikapen hutsak baizik». Batzuetan, aurpegi baten erreferentziarik gabe sortzen du. Erakusketa honetan, esaterako, Stammelen ama irudikatzen duten zazpi lan daude ikusgai. «Sarri, buruak egiten hasten naiz besterik gabe. Kasu honetan, konturatu nintzen irudikatu nuen aurpegi hori nire amarena zela. Duela urte batzuk zendu zen ama, eta bere omenez, tamaina ezberdinetan jarri ditut ikusgai bere irudiak erakusketa honetan».

Merkatu plazara erosketak egitera hurbiltzen diren horiek, «jakinminez  bada ere», erakusketa ikustera hurbilduko direla espero du Stammelek.  Joan den urtean ere Getariako Kale Nagusian erakusketatxo bat izan zuen artistak. «Oso erantzun positiboa»  jaso zuela dio, eta mundu osoko turistek ikusi ahal izan zutela bere lana.    

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide