Maddi Argibe (Zarautz, 1993) Gabota dantza taldeko irakaslea da, baina datorren astean Anezka konpainiarekin osatu duen Revolucion lanarekin ikusteko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, Kalerki Nazioarteko Antzerki Jaialdian parte hartuko du uztailaren 5ean, 22:00etatik aurrera, Munoan.
Gasteizko Anezka konpainiarekin ari zara lanean.
Bai. Lanzadera esan nahi du anezka hitzak, eta dantza garaikidea eta antzerki fisikoa egiten dituen konpainia da. Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat eman zion Gasteizko bi neskari, eta horiek erabaki zuten enplegua sortzea Araban, artista gazteentzat. Orain arte dantza garaikideak ez du indar handirik izan han, dantza klasikoak gehiago izan du, eta pentsatu zuten bultzadatxo bat ematea.
Eta konpainiak zu hautatu zintuen.
Proba bat egin zuten abenduan, eta bost neska aukeratu gintuzten, tartean neu. Dantzaren munduan lan duin bat edukitzeko helburuarekin zabaldu zuten konpainia, eta urtarriletik egunero lanean aritu gara pieza hau sortzen. Inprobisazioak egiten hasi ginen, eta pixkanaka iraultzaren ideia hori sortu zen; gauzei buelta ematearen ikuspegitik.
Nolakoa da Kalerkira ekarriko duzuen lan hori?
Hirugarren aldiz eskainiko dugu lan hau. Aurrena Gasteizko antzoki batean erakutsi genuen, ondoren Bilbon museo batean, eta orain kalean ariko gara. Hortaz, nik uste dut hainbat tokitara moldatzeko moduko lana dela. 20 minutuko pieza da, eta ikusteko erraza. Gainera, berria dela iruditzen zait, inoiz ikusi ez dugun zerbait. Izan ere, dantza eta antzerki fisikoa nahasten ditu.
Zerbait berria dela esan duzu. Ikusleengandik nolako erantzuna jaso duzue orain arte?
Egia esan, jende asko gerturatu da guk transmititu nahi izan ditugun ideietara. Guk ezer azaldu gabe, antzeko ondorioak atera dituzte.
Txikitatik zabiltza dantzaren munduan.
Bai. Gabotan hasi nintzen dantza klasikoa ikasten, eta hamabost urteren bueltan, interes gehiago piztu zitzaidan, eta urtebetez Menchu Medelen akademian aritu nintzen, Donostian, dantza klasikoa eta jazz dantza egiten. Ondoren, Gasteizen sei urtez ikasi nuen dantza klasikoa, hango kontserbatorioan. Bitartean, Ingeles Filologia ikasi nuen unibertsitatean.
Eta handik interpretazioaren mundura, ezta?
Bai. Unibertsitate gradu baten antzeko ikasketak daude Bilbon, eta interpretazioa eta koreografia landu nituen, dantza garaikidea eta klasikoarekin, biak nahasian. Lau urteko gradua zen, baina urtebete egin nuen, gero proiektu hau atera zitzaidalako. Dena utzi, eta honen aldeko apustua egin nuen.