Musikarik gabeko bizitzarik ezin lezake irudikatu Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala-k (Zarautz, 1970). "Behar dut, arnasten dudan oxigenoa eta edaten dudan ura behar ditudan bezala". Besteak beste, DJa da, musikaria, baxu jotzailea, abeslaria, ekoizlea, kontzertu programatzailea, irratiko esataria, kolaboratzailea, surflaria eta nerabe baten aita.
Duela hiru hamarkada hasi zuen ibilbidean, AEBetan eta Europako herrialde gehienetan izan da musika jartzen, dozenaka areto eta jaialdi entzutetsutan. Lan mordoa ditu kalean: nola beste sortzaile batzuen kantekin osatutako bildumak eta nahasketak, hala berak sortutako kantuekin egindako diskoak ere. Ezinezkoa da haren musika etiketa baten azpian sailkatzea, estilo asko jorratzen dituelako —jazza, swinga, soula, funka, discoa, afroa, reaggea…—. Dantza egiteko moduko musika maite duela aitortu du, soinu bero eta tropikalak doinu elektronikoekin nahastea.
Zer erantzungo zenioke Mikel Unzurrunzaga Schmitz nor den galdetzen duenari?
Musika maite duen tipo bat dela, musika pasio duena, eta pasio hori lanbide bihurtzen asmatu duena. Ez da gauza makala!
Denera iristen al zara?
Diruari dagokionean, irauteko lain ateratzera, bai; denborari dagokionez, ez. Egunak 48 ordu izan beharko lituzke nahi nukeen dena egin ahal izateko. Norberak jarri behar ditu mugak eta nik ez dakit muga horiek jartzen, ez dakit ezetz esaten.
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Etxean ez zen musikaririk, baina melomanoak bai; ama eta anai-arrebak, batez ere. Bost anai-arrebetan gazteena nintzenez, eskura nituen haien kaseteak eta biniloak, eta beti ibiltzen nintzen saltseatzen. Irratia ere dezente entzuten nuen garai hartan. 12-14 urteko nerabea nintzenerako, musika pasioa zen niretzat. Herrian bazegoen musika zentroa deitzen genion gune bat eta denbora asko pasatzen nuen han. Artean ez zegoen CDrik, baina nik orduan ikasi nuen pirateatzea zer zen.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.