Gauerdia baino hamar minutu lehenago, San Pelaio makila jaso zuen Oskar Mutiozabal Pepe Txabilloren semeak, erraldoi eta buruhandien taldearen izenean. Sorpresaz beteriko gaua izan zen atzokoa. Erraldoien taldeak aurrez prestatutako dantza bat egin zuen, baina betiko lau erraldoiez gain, bostgarren bat aurkeztu zuten, hain zuzen ere, Pepe Txabillo erraldoia. Jarraian, Txabillo udaletxeko balkoira igo zen alkatearekin batera, eta emozio artean, unkituta festa zoriontsuak eskaini zizkien herritarrei.
Aurtengoan, berrikuntza gisa, ez da su artifizialik izan, "zaratarekiko sentikorrak diren bizilagunei errespetuz". Horrez gain, udaletxeko bigarren pisuko hiru balkoietatik pankartak bota zituzten, "Ez beti da ez" esaldia osatuz. Alkateak ozen aldarrikatu zuen: "Ez Zarautzen, ez Iruñean, ez inon, ez beti da ez!".