Urola Kostako Udal Elkarteak antolatuta, ekintzaileei eta eskualdeko enpresei zuzendutako bi tailer egingo dituzte ekainean eta uztailean.
Alde batetik, administrazioarekin izapideak online egiteko tailerra izango da, eskualdeko ekintzaileentzat. Herritarren eta administrazioaren arteko harremana internet bidezkoa izatea "geroz eta ohikoagoa" dela eta, zenbait kasutan, ekintzaileak behartuta daude izapidetze telematikoak erabiltzera. Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzaileei bideratutako hiru orduko saio praktikoa antolatu du. Udal Elkartearen egoitza nagusian izango da saioa, ekainaren 20ean, 9:30etik 12:30era.
Bestetik, Datuak babesteko arautegi orokorrera egokitzeko tailerra ere antolatu dute, eskualdeko enpresentzat. Lege berria joan den maiatzaren 25ean jarri zen indarrean. Hori dela eta, langile, bezero, hornitzaile eta abarren datu pertsonalak dituzten enpresa guztiak behartuta daude erreglamendura egokitzera. Tailer honetan horretarako informazioa, prestakuntza eta ezarpenerako aholkularitza eskainiko zaie parte hartzaileei. Taldeko prestakuntza (zortzi ordu) eta bi tutoretza saio izango ditu. Amaieran, enpresa parte hartzaile guztiek babesteko euren segurtasun sistema egokitua izango dute.