Gure Esku Dagoren giza katea

Irudietan: Giza katea Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2018ko eka. 10a, 13:18

Aurreikuspenak gaindituz, 2000 lagunetik gora batu dira Gure Esku Dagoren giza kate erraldoira Zarautzen, antolatzaileen arabera.

12:00ak baino hamar minutu lehenago jendea izena eman nahian zebilen oraindik, eta Zarauzko kilometroetarako zeuden zapi guztiak agortu dira.

Itxura berezia hartu du gaur Zarauzko malekoiak. Giza kateak erdibitu ditu ohiko terrazetako jendea eta hondartzan eguzkia hartzen zein igerian zegoen jendea. Eguzki epeletan, Iñurritzako biotopotik Getaria bideko bigarren tuneleraino luzatu da zarauztarren katea. Aurreikuspen guztiak gaindituz, 2000 lagunetik gorak hartu dute parte. Peto horidun bolondres ugari aritu dira bizikletaz malekoian gora eta behera, jarraibideak emanez. Haiek azaldu dutenez, baliteke eguzkiak jendea erakarri izana, baina "gaur egungo egoera politikoak jendea etxetik irtenarazi" duela ere esan dute. Samara Veltek azpimarratu du azkenaldiko Espainiako gobernuaren erabakiak "benetan jazartzaileak" izaten ari direla, eta jendea horretaz  jabetzen ari dela. "Altsasuko kasuak eta beste hainbatek begiak irekiarazi dizkio jendeari, herritarrak erabakitzearen garrantziaz jabetu da". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide