Aurtengo triatloiko garaileen izen-abizenak ez dira sorpresa handia izan askorentzat. Iaz bigarren postua lortu zutenek eskuratu dute aurtengoan txapela, bai emakumezkoetan, eta baita gizonezkoetan ere. Euria zen askoren beldurra gaurkoan, baina orokorrean, ateri eutsi dio lasterketaren zatirik handienean. Bizikletetara igo direnean zaparrada batzuk bota ditu, baina azkar atertu du, eta kaleak, ohi bezala, oihuka animatzen ibili diren zalez beteak egon dira.
Gustavo Rodriguez galiziarraren atzetik iritsi da Miguel Angel Fidalgo, eta hau ere, iaz lortutako hirugarren postua baino eskailera bat gorago izan da. Gizonezkoen podiumean sartu den izen berria, David Castro izan da. Gaztela Mantxako triatleta faboritotzat zuten askok, beraz, ez da sorpresa izan Castroren hirugarren postua.
Rodriguez ez da lehiako lehen postuetan sartu triatletak Aiako aldapara iritsi diren arte. Igerian David Castro izan da azkarrena, eta bizikletara igotzean Miguel Angel Fidalgok aurre hartu duen arren, bizikleta saioaren azken txanpan eta korrikaldian erabakita gelditu da txapela.
Corachanek, berriz, oso lasterketa erregularra egin du. Alberdi eta bera aritu dira lehen posturako lehian uneoro. Itsasotik irteten lehena Alberdi izan den arren, oso gertutik jarraitu dio Corachanek, eta bizikletetara igo direnean euskalduna bigarren postuan gelditu da. Tinko eutsi dio bereari Corachanek, eta bakarrik iritsi da helmugara. Hirugarren postuan, berriz, Sara Loerth sailkatu da, lehenak izan diren biengandik denbora dezentera.