Euriak blaitutako enplastu bat

Danel Agirre (Gipuzkoako Hitza) 2018ko ekainaren 8a

Danel Agirre zarauztarraren iritzia argitaratu du gaur Gipuzkoako Hitza astekariak. Honela dio: Horrela ez dago herriminik sentitzerik, benetan. Aurten lehenbizikoz etxera hurbildu naizen asteburu berean, euskarazko panfleto arrazistak azaldu dira Zarauzko malekoiko jarlekuetan botata. Manifestu korporatibista izena du gorozkiak

eta Askatasunaren Liga izeneko kolektibo anonimo koldar baten sabel hustea da. Arrazistarena ez da balorazio bat, testutik hautatutako entresakan egiaztatu ahal den moduan, sailkapen enpiriko askoa baizik: “[…] Garai zailak datoz Euskal Herrira aurreikuspen guztien arabera: kapitalaren globalizazioaren erruz, euskaldunak behartuak egongo gara gure lurrak komunitate etniko ezberdinekin partekatzera, kolono espainiar eta frantziarrez gain. Euskaldunon (eta europarron) krisi demografikoaren aurrean, arazo argi bat bilakatzen da etorri-berri afrikar eta mairuen jaiotze-tasa altua, ordezkapen etnikoaren mehatxua ortzi-mugan ageri delarik. Aniztasun etno-kulturalak gora egin ahala, areagotu egingo da gizartearen baitako desordena, zatiketa eta gatazka, murriztu egingo delarik Estatu, lege eta erakunde publikoen eraginkortasuna […]”.

Aurkikuntzak zeharo atsekabetu nau, eta eskerrak behintzat eguraldi kaskarrari. Atergabeko euriak fotokopiatutako eta elkarrekin grapatutako orrialdeak blaitu, eta enplastu nardagarri bihurtu ditu. Enplastu are nardagarriago, esan nahi da. Testua gizatalde ñimiño eta marjinal baten obra dela jakitun, erreferentzia kulturalez jositako hizkuntza jasoan idatzia egoteak eman dit zer hausnartu gehien. Manifestua egotzi duten sozio-patak irakasleak dira, edo hor nonbait. Eta hilabeteak emango zituzten komun-ontzitik altxatu gabe, kakapirria 49.000 karaktere pasatxo badelako (irakurtzen ari zaren hau ia hogei bider). Arrazistei doako publizitatea eskaintzeagatik kargu hartuko didazu akaso, baina alfonbrapean ezkutatzen saiatzea baino eraginkorragotzat dut horrelakoei aurre egin, salatu eta baztertzea.

Irakurri iritzia osorik, gipuzkoa.hitza.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide