Zarauzko Triatloia 2018

Trafikoa moztuko da larunbatean herriko hainbat kaletan, triatloia dela eta

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 6a, 08:30

Triatleta bat Nafarroa kaletik igarotzen (Aritz Mutiozabal).

14:30etik 21:00etara herriko hainbat kale itxiko dira ekainaren 9an, Zarauzko Triatloia dela eta.

Datorren larunbatean ospatuko da Zarauzko Triatloia eta, ondorioz, trafikoa moztuko da herriko hainbat kaletan arratsaldean zehar.

Lehenengo mozketa San Inazio kalean eta Meagas bidean egingo da, bi norabideetan, 14:30etik 17:35era. Ordu tarte honetan, triatloiko parte hartzaileek bizikletaren probari dagozkion 26 kilometroko lehen zirkuituari bi itzuli emango dizkiote, Oikia eta Aizarnazabal inguruetatik. Ondoren, Aia-Orio norabidea hartuko dute 25 kilometroko zirkuituari itzuli bat emateko. Hala, 16:00etatik 18:35era bitartean Nafarroa kale osoa itxita egongo da, eta, ondorioz, Mendilauta, Zumalakarregi, Zinkunegi, Lizardi, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Orixe, Don Leandro, Mandabide, Aresti, Ixpilla eta Mollarri kale egoiliarretara ere sarbidea itxiko da.

Mozketa luzeena Gipuzkoa kalean izango da, Seitximeneta eta San Frantzisko kaleen artean, eta Zinkunegi eta Nafarroa kaleko surtidore tartean, 16:30etik 21:00ak arte. Ordu tarte honetan, parte hartzaileek bizikletaren probaren azken itzulia burutuko dute (Aia-Orio inguruan) eta oinezko lasterketako probari ekingo diote. Zarautz osoa hartuko duen 6,9 kilometroko zirkuitu bati hiru itzuli emango dizkiote lasterketan eta, ondorioz, aipatutako kale hauez gain, Zigordia kalea ere moztuko dute 16:30etik 21:00etara.

Kale hauetan guztietan aparkaturik dauden ibilgailuek ezingo dute bertatik atera probak irauten duen bitartean eta, era berean, kale horietan dauden garajeetatik ere ezingo dira ibilgailuak ez sartu ezta atera ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide