Talai Mendiko eskaileretatik Getariako bidearen erdi aldera arteko eremua osatuko dute zarauztarrek igandeko giza katean. Dagoeneko 1600 pertsona inguru agertu dira parte hartzeko prest, eta astean zehar ere izena emateko aukera egongo denez, herrian jendetza handia bilduko dela iragartzen dute antolatzaileek. Asteazkenean, Barren plazan izango dira 18:30etik 20:00etara, ostiralean, Lege Zaharren Enparantzan eta Astazubi plazaren ondoko bidegorrian 18:30etik 20:00etara, eta larunbatean, 12:00etatik 14:00etara, Musika Plazan. Horrez gain, internetez ere eman daiteke izena, gure esku dagoren webgunean. Ordainketa modu honetan eginez gero, webgunean eskuratutako kodea erakutsiz hartu ahalko da zapia egunean bertan.
Hiru kilometrook banatzeko, hiru elkargune zehaztu dituzte antolatzaileek. Lehen gunea Argiñano jatetxearen parean egongo da, eta iñurritza, Itsas Mendi eta hondartza ingurukoak elkartuko dira bertan. Bigarren gunea Gurutze Gorrian egongo da, bertan, Zelai Ondo, Azken Portu eta ingurukoak elkartuko dira, eta azken gunean, Munoan, Alde Zaharrekoak, Vista Alegrekoak eta Salbidekoak. Antolatzaileek adierazi dutenez, banaketa hau ez da zurruna, antolaketan laguntzeko soilik zehaztu dituzte guneak.
10:30ean parte hartzaileei dagokien guneetara hurbiltzeko deia egin diete, eta bertan, gune bakoitzeko boluntario taldea arduratuko da jendea bideratzeaz. 12:00etan izango da giza katea, baina 11:00etarako parte hartzaileak beraien lekuetan prest egotea espero dute antolatzaileek. Herrian, guztira 100 boluntario inguru jardungo direla kalkulatzen dute.
Giza katearen ondoren, herri bazkaria egingo dute Musika Plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Munoako karpan izango da bazkaria, eta bazkalostean erromeria izango da Musika Plazan (eguraldi txarra eginez gero ere bai), 17:30ean.
6 kilometro, herriaren ardurapean
Zarauztarrek osatuko dituzten kilometroek Malekoia eta Getariarako bidea zeharkatuko dituzten arren, herriaren ardura dira Txurruka eta Talai Mendiko eskailerak lotuko dituzten hiru kilometroak ere. Bertan, oiartzuarrak eta Baztan inguruko herritarrak izango dira, eta hauek 10:00ak ingururako bertaratuko dira Zarautzera. Oiartzuarrak trenean etorriko dira, eta Baztan aldeko 10 autobusak Astin utziko dituzte aparkatuta.