Aner Peritz 'Euzkitze'-k eskolarteko bertso finala jokatuko du larunbatean Saran

Zarauzko Hitza 2018ko ekainaren 5a

Gipuzkoako Txapelketan bigarren sailkatu zen Aner Peritz 'Euzkitze' (Amaia Urbieta Arruti)

Euskal Herriko Eskolarteko XXX. Bertsolari Txapelketako finalean 13 gaztek hartuko dute parte, bina lurralde guztietatik, Zuberoatik izan ezik; bakarrak handik. Sarako trinketean izango da bat-bateko finala, 11:00etatik aurrera. Ondoren, bazkaria eta festa egingo dituzte.

Hainbat saioren ostean, bukatzera doa aurtengo eskolarteko bertso txapelketa. Larunbatean Saran jokatuko dute Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta zarauztar bat sailkatu da 30. edizioko finalerako: Aner Peritz Manterola Euzkitze.

Peritz bigarren gelditu zen Gipuzkoako txapelketan, Oihana Aranaren ondoren, eta biek ordezkatuko dute lurralde hori finalean. Horiekin batera, beste 11 bertsolari gazte ariko dira bat-bateko saioan: Aitor Ugarte eta Aroa Arrizubieta arabarrak; Elixabet Etxandi eta Julen Etxeberri baxenafarrak; Gorka Pagonabarraga eta Iruri Aitzerreka bizkaitarrak; Hodei Renteria eta Irati Alcantarilla lapurtarrak; Xabat Illarregi eta Ekiñe Zapiain nafarrak; eta Haritz Capot zuberoarra.

Egun osoko festa

Finala 11:00etan hasiko da, Sarako trinketean. Bi atal izango ditu saioak. Hasierako agurraren ondotik, binaka aritko dira zortziko handian eta txikian; eta gero, puntuazio altuena lortzen duten sei bertsolariek bakarkako ariketak egingo dituzte. 

Aurten 30. urteurrena denez, Mikel Mendizabalek jantziko dio txapela irabazleari.

Txapelketaren ondoren, bazkaria egingo dute Lur Berri gelan, 14:00etan. Ondoren, Saran'ga txarangak alaituko du bazkalostea. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide