EH Bildu: "Udako gauetarako autobusen inguruko lanketa egiteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak"

Zarauzko Hitza 2018ko ekainaren 4a

Mugimendu feministaren eskaeretan oinarritutako mozioa "erretiratzeko" eskatu zion EAJk EH Bilduri, herriko autobus zerbitzua gauetara zabaltzeko lanketa "dagoeneko martxan" dagoelako.

Iazko udan izandako eraso sexisten ondoren, mugimendu feministak egindako eskaeretan oinarritutako mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk pasa den astean, maiatzeko ohiko udalbatzarrean. Bilkura hasi aurretik, "lanketa martxan zegoela eta mozioa erretiratzeko" eskatu zion EAJk Bilduri, gaueko autobusaren nahiz taxiaren planteamendu bat "aztertzen ari omen direlako".

Duela ia urtebete, mugimendu feministak herriko autobus zerbitzua gaueko ordutegietara zabaltzea eskatu zuen, uda garaian egunero eta gainontzeko sasoietan asteburuetan, ostiral zein larunbatetan. EH Bilduk azaldu duenez, eskaera egin zutenean, Udal Gobernuak autobusaren aukera "ezinezkotzat" jo zuen eta taxi-busaren eskaera "aztertzeko konpromisoa hartu zuen". Orain arte gaia atera izan dutenean, ordea, Udal Gobernuak "lanketarik ez zegoela" adierazi izan dio koalizioari, eta "taxi-busa helburu honekin ez nahasteko" ere eskatu izan diete.

EH Bilduk, "zalantza handiekin", bi konpromiso eskatu dizkio EAJri mozioa erretiratzeko: egindako eskaerak "aztertu eta lantzea" eta "lanketa horretan EH Bilduk eta Zarauzko mugimendu feministak ekarpenak egiteko aukera izateaz gain, erabakiak adostasunean hartzea". Gaia presazkotzat jotzen du EH Bilduk, eta datozen egunetan Udal Gobernuaren deia jasotzea espero dute. "Denborarik galdu gabe lanean jartzea espero dugu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide