Salbuespen politikari ez! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea oinarri hartuta, pala txapelketa mistoa egingo dute ekainaren 23an Zarautzen. Ekaitz 0 km dinamikaren barruan antolatu du Zarauzko Sarek, eta izena emateko epea zabalik dago.
Bikoteko bost euro ordaindu behar dira, eta ekainaren 19a baino lehen eman behar da izena Maukan, Arranon edo Eguzkin.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, partidak goizez izango dira, eta ordutegia parte-hartzaileen arabera zehaztuko da. Oraindik ez dute jakinarazi non jokatuko dituzten partidak.
Urriaren 20ra begira
Bestalde, Zarauzko Sarek bat egin du Orain Presoak lelo hartuta urriaren 20an Bilbon egingo den manifestazioarekin.
Pasa den larunbatean aurkeztu zuten egitasmoa, eta lau lehentasun ikusi dituzte lehenbailehen konpondu beharrekoak: urruntzearekin amaitzea; larriki gaixo dauden presoak etxeratzea; bi estatuetako zigorrak batzea; eta presoak lehen gradutik ateratzea.