Udako mintzalagun programa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2018ko ekainaren 1a

Ekainaren 20a arte egongo da izena emateko aukera, eta euskaldun zaharrek zein euskaraz ikasten dabiltzanek har dezakete parte.

Ikasturte honetan 90 pertsona inguru aritu dira Mintzalagun Programan, astean behin euskara praktikatzeko elkartuz. Udan ere izango da mintzapraktiketan izena emateko aukera, eta izena eman nahi duenak, ekainaren 20a arte izango du aukera. 0

Mintzalagun Programak 5-6 laguneko taldeak osatzen ditu adin, eskuragarritasun eta zaletasunen arabera. Taldekideak astean behin elkartzen dira beraiek aukeratutako tokian, ordubetez, elkarren artean euskaraz jarduteko. Euskaldun berriek zein zaharrek eman dezakete izena, bakoitzak dagokion ekarpena eginez.

Argibideak jasotzeko edo izena emateko hainbat bide daude: telefonoz, 625 48 52 15 zenbakira deituta, posta elektronikoz, urolakosta@aek.org helbidera mezu bat bidalita, www.mintzalagun.blogspot.com webgunean, Mintzalagunak Gara facebook orriaren bidez edo Zarauzko Udal Euskaltegira joanda.

Ikasturte amaierako ekitaldia

Proiektua osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dute, eta aurtengo ikasturte amaierako ekitaldia ekainaren 7an izango da, Zarautzen. Antoniano aretoan elkartuko dira ikasturtean zehar mintzapraktiketan ibili diren kideak 18:30ean, eta bertan, Andoni Egaña bertsolaria jardungo da hizlari lanetan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide