Zure lehen Liga garaipena eskuratu duzu asteburuan. Kirolari moduan, irabaz zenezakeen lorpenik garrantzitsuenetako bat. Nola sentitu zara gailur horretara iritsita?
Aurreko urteko Superkopa izan zen Bera Berarekin lortutako lehen titulua. Urte hartan, Erreginaren Kopan eta Ligan, bietan, bigarren postua lortu genuen. Aurten Erreginaren Kopan bigarren gelditu gara berriro ere, baina Ligak oraingoan ez digu ihes egin. Eta bai, egia da, kirolari moduan izugarria da gailur honetara iritsi izana. Donostiara itzuli ginenean, ordea, harrera beroagoa espero nuen. Super Amarako babesleen eskutik luntx bat izan genuen, aldundian harrera egin ziguten... baina hiriko kaleetan zehar ez nuen berotasun handiegirik topatu. Egia da kaletik jendearekin topatzen ginenean askok zoriondu gintuztela, baina Barakaldotik itzultzean giro euforikoago batean jasoko gintuztela espero nuen.
Nola laburbilduko zenuke aurtengo denboraldia?
Hasieratik ibili gara goiko postuetan. Ligako lehen jardunaldietan Rocasa zen gure lehiakide zuzena. Erreginaren Kopa jokatu ondoren, ordea, partida gako batzuk galdu zituen, eta ligaren amaieran lehia nagusia Guardes (Granollers, Herrialde Katalanak) eta gure artean egon da. Azken jardunaldietan ez geneukan gainontzeko taldeen emaitzak gure alde izan beharrik, gure esku zegoen titulua. Puntu kopuru berdina eskuratu dugu Guardesek eta guk, baina elkarren arteko bi norgehiagoketan garaile gu izan garenez, puntuetan berdinduta egonda ere, guretzat izan da titulua.
Liga irabazi arren, ez duzu taldean jarraituko. Zarautzera itzuliko zara. Zergatik hartu duzu erabaki hori?
Bera Beran aste hasieratik jakiten nuen asteburuan ez nuela jokatuko. Konbokatuta egotea edo ez berdin-berdina zen niretzat. Duela bi urte lesionatuta igaro nuen denboraldi osoa, eta azken bi denboraldietan ez dut ia partidarik jokatu. Beraz, esan daiteke hiru urte daramazkidala kantxan lehiatu gabe. Bera Berara beste entrenatzaile bat badator ere, etxera bueltatzeak ilusioa egiten dit. Uste dut Bera Berari baino ekarpen handiagoa egin diezaiokedala Aialari.
Itxaropentsu itzuliko zara abuztuan, beraz.
Bai. Gogo handia daukat berriro ere etxean aritzeko. Beti da polita niretzat Zarautzen jokatzea. Entrenamenduetan maila ona eman arren, Bera Beran aukerarik ez neukala iruditzen zitzaidan, eta motibaziorik gabe nenbilen azkenaldian. Ligako bigarren bueltan partida bakarrean zapaldu nuen kantxa, eta oso nekatuta nago egoera honekin.
Zein da Bera Bera taldean egin duzun ibilbidea?
Lau urte dira fitxatu nindutela. 2014-2015ko denboraldi-aurrean hasi nintzen entrenatzen haiekin, Aitor Etxaburu entrenatzaile zela, baina liga hasi zenean, Zarautzera itzuli nintzen utzita. Zarautzen jokatzen egon nintzen urtean mailaz igotzea lortu genuen, eta ohorezko mailaz gozatzeko aukera iritsi zitzaidanean lesio gogor bat izan eta denboraldi guztia jokatu gabe igaro nuen, belauna osatu arte.
Hurrengo urtean lehiatzeko Bera Beraren elastikoa jantzi nuen, baina Donostiako taldearekin jokatu ditudan bi denboraldi hauetan ez dut minutu askorik eduki.
Jokatzeko aukera askorik izan ez arren, taldekideekin ongi moldatu zara, ezta?
Taldean oso oso gustura egon naiz. Alde horretatik, alde egiteak pena handia ematen dit. Asko eskertzen diet taldeko jokalari guztiei urte hauetan eman didaten guztia. Beraiengatik izan ez balitz, guztiz etsita egongo nintzateke.