Bihar jarriko dute indarrean Zarautzen udako TAO zerbitzua. Urdin koloreko TAO gune guztiak martxan izango dira Zarauzko sei gunetan. Hala, ekainaren 1etik irailaren 30a bitartean, astelehenetik igandera, 09:00etatik 20:00etara, Araututako Gune Normaletan (gune urdinetan) tiketa atera beharko da bertan aparkatzeko.
Epe horretan, egoiliarrentzako guneek 24 orduko zaintza izaten jarraituko dute, eta egoiliar bereizgarria duten autoek bakarrik izango dute bertan aparkatzeko eskubidea. Errotazio Handiko Guneetan (zuri-urdinetan), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00ak arte eta larunbatetan 09:00etatik 13:00ak arte Errotazio Handiko tarifa ordaindu beharko da; eta ordutegi horretatik kanpo –larunbatetan 13:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 09:00etatik 20:00etara– Araututako Gune Normalen tarifa ordaindu beharko da.
Bestalde, udaldirako aparkaleku bereziak prestatuko ditu udalak; aurten ere, Kortazar, Eguzki Izar eta Mitxelena kaleko partzeletan, TAO bigunarekin. Egun osoan aparkatzeko aukera izango da 5 euro ordainduta, eta lau orduz, berriz, 2,5 euro. Aparkaleku horien ordutegia ere 09:00etatik 20:00etara izango da, astelehenetik igandera.