Zigarrokinen mapa osatu nahi dute Lurrera Begira kanpainarekin

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 31

Lurrera Begira kanpaina (Aritz Mutiozabal).

Tabakorik Gabeko Egunarekin bat eginik antolatu duten sentsibilizio egitasmoa da, eta Instagram bidez herrian topatzen dituzten zigarrokinen argazkiak igotzera animatu nahi dituzte gazteak.

Tabakorik Gabeko Eguna da gaur, eta, horren harira, Zarauzko Udalak, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Zarauzko Osasun Etxeak Lurrera Begira sentsibilizazio kanpaina jarri dute abian. Zigarrokinen herriko mapa osatu nahi dute, jendeak Instagramera igotako argazkien bitartez. «Ez gara konturatzen, baina bazter guztietan topatzen ditugu, eta naturari ere kaltea eragiten diote», dio Osasun Etxeko erizain Arantxa Berazadik.

Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuak kontuan hartuta, udaleko Osasun zinegotzi Miren Letamendiak azpimarratu du azken urteotan tabakoaren kontsumoa asko gutxitu dela, baina, hala ere, oraindik asko dagoela egiteko. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologo Gorka Gilen arabera, «badirudi kalean jada ez dela erretzen eta arazoa konpontzear dagoela. Baina datuak ikusterakoan ohartu gara hamarretik bik erre egiten dutela. Oraindik jendea datorkigu kontsultetara, eta gero eta gazteagoak dira».

Hala, aipatu kanpaina garatu dute, «gazteak kontziente izateko eta herritarrei ikusarazteko herriko edozein gune zigarrokinez josita dagoela». Horretarako @lurrera_begira kontua sortu dute Instagramen, eta Zarauzko ikastetxeetako gazteak animatu nahi dituzte zigarrokinei argazkiak ateratzera, lokalizazioa zehaztuz eta #lurrerabegira edo #zarautz erabiliz. Gazteei zuzenduta egon arren, egitasmoa edonori dago irekia
Ikasturte bukaera bitartean jasotako herritarren irudiekin osatuko dute mapa, eta, ondoren, emaitza bide ezberdinetatik zabalduko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide