Taldea sortu dute herrian, heriotzaz eta gaixotasunez hitz egiteko

Onintza Lete Arrieta 2018ko maiatzaren 29a

Aurkezpeneko une bat (Zarauzko Udala)

Zarautz Herri Zaintzailea egitasmoa abiatu dute lau herritarrek. Zahartzeaz, gaixotasunez eta heriotzaz hitz egiteko gune bat sortu nahi dute, baita sare bat ehundu ere eragileen artean. Bihar arratsaldean elkartuko dira, Death Cafe saioaren harira.

Herriko hainbat eragileren aurrean aurkeztu dute talde berri bat: Zarautz Herri Zaintzailea. Egitasmoaren helburua da espazio bat sortzea zahartzaroaz, gaixotasunez eta heriotzaz hitz egiteko eta hausnartzeko.

Udalak babesa agertu dio taldeari, baina lau herritar dira bultzatzaileak: Amaia Artze Zubeldia eta Iñaki Peña Bandres (zainketa aringarrietako erizaina eta sendagilea), Jabi Bereziartua Irureta, eta Anjel Irastorza (Vinyana elkarteko ordezkaria).

Beste herri batzuetan aurrez egindako dinamiketatik abiatuko dira, baina proposamen berriak ere ekarri nahi dituzte herrira. Etxezabalan egindako aurkezpenean Artzek azaldu zuenez, Compassionate Communitie (Komunitate Errukitsua) nazioarteko sarea dute jarraibide: "Guk ulertzen dugu errukitsu hitza gure hurkoei beren oinazean eta atsekabean laguntzea", zehaztu zuen.

"Ez dugu nahi inor minez, beldurrez edo bakarrik hiltzerik"

Aurkezpenean parte hartu zuen Julio Gomez Santurtzi Herri Zaintzailea egitasmoko kideak. Zainketa aringarrietan espezializatua da, eta beren esperientzia izan zuen hizpide: "Tabua puskatu eta hitz egiten hasteko ordua da. Gu ere hasi ginenean konturatu ginen kontua ez zela jendeak ez zuela heriotzaz hitz egin nahi, baizik eta heriotzaz hitz egiteko espaziorik ez zegoela".

Gomezek argi du horrelako taldeek eginkizun garrantzitsua betetzen dutela: "Ikuspegi kontrakulturala da hasiera batean, baina, eskubide bat da amaierara arte duintasunez bizitzea, eta ez dugu nahi inor minez, beldurrez edo bakarrik hiltzerik. Horregatik, garrantzitsua da guztiok elkarrekin lan egitea eta herri sare bat osatzea, beharra duen jendea detektatzeko".

Death Cafe, bihar, gaiaz hausnartzeko

Artzerentzat garrantzitsua da herritarrak sentsibilizatzea. Eta, horregatik, hainbat ekitaldi egingo dituzte urtean zehar. Batetik, Death Cafe deituriko saioak daude. Bihar, asteazkena, elkartuko dira, 18:00etatik 20:00etara Alameda hotelean. Gaiaren inguruan hausnartuko dute han, eta parte hartzeko deitu egin beharko da telefonoz (Amaia: 699-79 73 88 edo Anjel: 609-42 85 47). Hurrengo saioa, berriz, ekainaren 12an egingo dute.

Horrez gain, Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrekin ari dira gaia lantzen, eta ikus-entzunezkoren bat emateko asmoa ere badute, Modelo zabaltzen dutenean.

Udala, laguntzeko prest

Miren Letamendia Osasun zinegotziak ere hartu zue parte egitasmoaren aurkezpenean, eta udalaren oniritzia agertu zuen: "Gai hauek beldurra, ezintasuna eta ezinegona pizten dute, baina, azkenean, denok bizi edo biziko ditugun errealitatearen parte dira. Horregatik, sentimendu hauen inguruan hitz egiteko dagoen beharragatik, erabaki dute martxan jartzea Zarautz Herri Zaintzailea, eta udalak bat egiten du asmo horrekin".

Letamendiak ere garrantzia eman zion herrian sarea sortzeari: "Aurkezpenera gonbidatu ditugu sarea ehuntzen lagundu dezaketen ekarteak eta taldeak, egitasmoan parte hartzera gonbidatzeko. Izan ere, herritarrontzat horrelako espazio bat sortzeak garrantzia duela uste du udalak. Baina, egitasmoak aurrera egin ahai izateko, uste dugu ezinbestekoak direla instituzioan babesa eta elkarteen arteko lana sustatzea".

Harremanetarako bideak ere jakinarazi zituzten: telefonoz 652-71 97 79 zenbakira deitu daiteke, eta korreoz, inakipb99@gmail.com helbidera idatzi.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide